Bide luzea egin du Maria Francisca Mas Rierak eskalada ikuspegi feministatik aztertzen. 2021ean Escalantes liburua argitaratu zuen, eta horren atzetik segidan etorri dira gainerako argitalpenak (Ingrávidas eta Maternidades Escalantes), hitzaldiak… Gaiari lotutako tailer ez-mistoak ere eskaini ditu ikertzaileak, Gorlizen edota Zarautzen, esaterako.
Urratutako bidean urrats bat aurrera egin du Mas Rierak Gasteizko Udalak sustaturiko ikerketa feministen lehiaketari esker. Tailer ez-mistoetan bizitakoa aztertzea izan du helburu. “Tailer horietan gauza asko gertatzen ziren, gauza asko ikusten nituen, baina niretzako gordetzen nituen. Banuen gogoa bertan bizitakoak ikerketa batean islatzeko. Ideia horrekin aurkeztu nintzen Gasteizko lehiaketara eta irabazi egin nuen. Horrek azterketarekin aurrera egiteko baliabideak eskaini dizkit”, azaldu digu ikertzaileak.
Orbekon garatu du ikerketa Mas Rierak, eta horrek balio erantsia eman dio lanari, baina ez zuen horrela izan behar: “Ikerketa Gasteizko hiru rokodromo publikoetako batean garatzea zen asmoa. Baina Berdintasun Sailaren eta Kirol Sailaren arteko desadostasun nabariak tarteko ezinezkoa izan da hura hiriburuan garatzea. Kirol Sailak oztopo ugari jarri dizkio ikerketari, asumitu ezin genituen oztopoak. Horrela ekarri genuen ikerketa Orbekora”.

Parte-hartzea ikasbide
Ikerketarako parte hartzaileak biltzea izan zuen Mas Rierak lehendabiziko zer egina. 18 urtetik gorako arabarrak bildu ditu; gizon cis-ak ez izatea marra-gorri bakarra. Zortzi laguneko taldea biltzea zuen asmoa, bederatzi izan dira azkenean, eta askoz gehiago modu batera edo bestera interesa erakutsi dutenak.
“Nabaritu nuen bazegoela interesa horrelako zerbaitetan murgiltzeko. Guztiak dira emakumeak, ez-bitar bezala definitzen den kide bat salbu. Jatorria, aldiz, anitzagoa izan da. Badira eskaladan asko aritu direnak, inoiz probatu baina jarraipena eman ez diotenak…”, azaldu du Mas Rierak ikertuen profilaz galdetuta.
Ikerketan parte hartu dutenek pseudonimo bana jarri diote norbere buruari: Ane, Cora, Harri, Sunflower, Nerea, Veleta, Juantxi, Renatoru eta Ortiga izan ditu ikertzaileak kide.
Garrantzitsua da kide hitza azpimarratzea. Izan ere ikerlarien munduan Ikerketa Ekintza Parte-hartzaile bezala ezagutzen dena izan da Orbeko Etxean garatutako esperientzia: “Horrek esan nahi du ni ikertzaile gisa taldeko kide bat gehiago naizela, ez ditut soilik ikerketara batu direnak aztertzen, haiekin batera parte hartzen dut. Posizio horizontala da, proposamenetara irekia eta guztia parte-hartzearen prismatik ikertua”.
“Esperientzia honi esker ulertu dut beharrezkoak direla espazio ez-mistoak”
Veleta da Orbeko Etxeko taldean murgilduta egon den lagunetako bat. Gaztetan probatu zuen eskalada probatua eta lehenengo aldia zuen honakoa talde ez-misto batean parte hartzen: “MFk bultzatuta eman nuen nik izena. Nerabezaroan urte pare bat eman nituen eskalada praktikatzen. Banuen gogoa berrartzeko, eta emakumeen eskutik bazen are hobeto. Nire lehenengo aldia zen espazio ez-misto batean parte hartzen. Ez nuen ondo ulertzen, espazio horien beharra. Tailer honi esker ulertu dut beharrezkoak direla, badagoela elkar-harremantzeko beste modu bat.”
Otsailean hasi eta bost astez luzatu da ikerketa. Astero-astero Orbeko Etxeko boulderrean elkartu dira, saio bakoitzean eskaladaren alderdi fisikoa eta hausnarketa uztartuz: “Beroketa batzuk eta eskalada ariketa gutxi batzuekin hasten ginen, eta ondoren irakurketa edo dokumental baten inguruan eztabaidatzen genuen”. Jolasa izan dute ardatz, ez hainbeste kirol diziplina. Hausnarketarako materialak ere ez dira ausazkoak izan. Kirolean dauden biolentzien inguruan irakurri dute, gorputz aniztasuna izan dute hizpide, intersekzionalitatean ere murgildu dira Palestina eta Irango eskalatzaile emakumeen bizipenak ardatz harturik.
Taldearen garrantzia
Ikerketa entregatzekotan da Mas Riera, baina atera ditu ondorioak, eta baieztatu dezake baietz, eskalada badela eraldaketarako tresna. Taldea eratu dute, komunitate txiki bat. Parte-hartzaile guztiek jarraitu dute eskalatzen behin ikerketa saioak amaituta, baita eskaladan sekula aritu gabe zirenak ere. Inor ez da praktikatik aldendu.
“Batasun sentsazioa izugarria izan da, eta batez ere ez gara epaituak sentitu. Akaso beste espazio batean ezinezkoa litzake giro hori sortzea. Eskaladari lotutako beste ingurune batzuetan esposizio maila askoz altuagoa da; gorputzak, posturak, teknikak… denak dira epaituak”, aldarrikatu du Veletak.
“Kirol praktika batean espazio hurbil eta atseginean hastea funtsezkoa da norberaren garapenerako batez ere normara egokitzen ez garen horientzako”
Orbekon bizitakoen ostean, taldearen garrantzian egin du azpimarra Mas Rierak: "Kirol praktika batean espazio hurbil eta atseginean hastea funtsezkoa da norberaren garapenerako. Hori berebizikoa da, batez ere normara egokitzen ez garen horientzako”.
Badira bost urte Mas Rierak eskalada ikuspegi feministatik aztertzeari ekin ziola. “Urte hauetan bildutako esperientzien segidan kokatu ditu ikerketako emaitzak: Escalantes liburuak eskaladan emakumeok eskaladan pairatzen ditugun biolentzien eta diskriminazioen erradiografia eskaintzen zuen. Narratibak bildu eta elkar babestua sentitzea zuen helburu. Egoera guzti horien aurrean egin dezakeguna atera dugu argitara ikerketa honekin”.
Bide horretan sokakideak egoki aukeratzea izan daiteke gakoetako bat. “Eskaladak asko du identitariotik, arriskutsua ere badaaskotan. Eskalatze hutsagatik edozeinekin eskalatuko dut. Horrekin apurtzea bada urrats bat. Nire lagunekin eskalatuko dut, ondo sentiarazten nautelako. Utz diezaiogun praktika fisiko oro kirolaren prismatik begiratzeari. Bizi dezagun eskalada plazeretik, jolasetik... Zer da eskalatzaile izatea? Jar dezagun hori ere zalantzan”, aldarrikatu du ikertzaile feministak.
Komunitate bat
Sortutako harremana, talde kohesioa eta komunitate sentsazioa jarri dute balioan Mas Rieraren ikerketan parte hartu duten kideek. Ikerketatik kanpo ere aurrera jarraituko duen lagun talde bat.
Horren isla dira iragan maiatzaren 17an Orbekon ospatutako I. Kirol Elkartasun Topaketak; ikerketa taldean batutako lagunek elkarlanean antolaturiko jardunaldiak, edota Orbeko Etxeko boulderraren biziberritzea. Eskaladak batu duen komunitate bat.