Gaur goizean Etxaurren Ikastolako umeak garraiatzen dituen autobusetako batek istripua izan du A-3641 errepidean. Kamioi bat bidea zeharkatzen ari zen aldi berean eta errepidetik atera da autobusa, espazioa estua baita. Zorionez, ez da zauriturik egon.
Edonola ere, Aiarako eta Okondoko Udalek berriro exijitu diote Jon Nogales Diputatuari (errepideak bere eskumena baitira) behin betiko konpontzea azpiegitura horretan dauden arazoak. Izan ere, kamioiei eta trafiko astunari lotutako ezbehar nahiko jazotzen dira puntu horretan eta aurrekoa maiatzaren 19an izan zen, esaterako.
Okondoko Udalak Nogalesi berari jakinarazi dio gertatutakoa. Aiarako Udalak, bere aldetik, duela aste gutxi bidali zion komunikazioa Diputatuari esku-hartzea exijitzeko puntu horretan. Gaur ere eskutitza bidali diote zer gertatu den azaltzeko.
Okondo Udalak oharra plazaratu du azpimarratzeko arazoa ez dela berria eta urteak daramatzatela konponbideak eskatzen. Aiarako Udalak, bere aldetik, mezu generikoagoa argitaratu du goizean sare sozialetan, Etxaurren Ikastolaren nahia jarraiki, alarma mezua ez sortzeko hezkuntza komunitatean.
Bi Udalen iritzia antzekoa da, biek aldarrikatu baitute azpiegiturak berak hobekuntzak behar dituela segurtasuna bermatzeko.