Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata Propioaren aldeko lanuzte orokorra deitu zuten iragan martxoaren 17an. Egun horretako mobilizazio eta piketeetan identifikatuak izan ziren eskualdeko lau herritar epaile aurrean deklaratu dute gaur goizean.
Laudioko fabrika eta komertzioetatik egindako piketean parte hartu zuten herritarrak dira gaur epaitegira deitu dituztenak. Ertzaintzak arrazoi desberdinengatik identifikatu eta salatu zituen grebalariak: errepide erdian egoteagatik edo merkataritza zentro batera indarrez sartzea leporatuta, besteak beste.
Desordena, atentatua eta desobedientzia
Instrukzio fasean dago kasua oraindik, epaileak ebatziko duenaren zain. Delituen egozte formala iritsi bitartean, hiru dira lau ikertuei egozten zaizkien delituak, Ertzaintzaren atestatu polizialean jasotakoaren arabera: desordena publikoak, agintarien aurkako atentatua eta desobedientzia.
Instrukzio epaileari dagokio orain kasua epaiketara iritsiko den edo ez ebaztea. Ikertutako herritarrek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, Ertzaintzaren atestatuak ez ditu leporatzen dizkieten gertakariak jasotzen. Epailearen galdeketa "nahasgarria" izan dela ere azaldu dute. "Epaileak atestatua irakurri ez duela dirudi, deklarazio korapilatsua eta ziurgabetasunez betea izan da", azaldu du auziperatuetako batek.