Beroaldiak albo kalte bat utzi du Aiaraldean: bertan behera geratu dira udako sosltizioa ospatzeko gaur piztekoak ziren su guztiak. Atzo arratsaldean eskualdeko udal eta eragile ugari tantaka joan ziren iragartzen ekimen ikoniko hori bertan behera utziko zutela. Gaur, aldiz, Arabako Foru Aldundiaren debeku ofiziala iritsi da. Gauzak hala, ez da surik piztuko Arabako udalerrietan, eta Aiaraldeko herri bizkaitarretan ere hartu dute ekimena bertan behera uzteko hautua.
Hala ere, udako solstizioaren ospakizunari lotutako ekimen batzuk mantendu dituzte.
Laudioko San Joan Astobitzako jaietan, adibidez, haurrentzako ur jolasak egongo dira arratsaldeko seietatik aurrera. 22:00etan, aldiz, dantza emanaldia egongo da Akelarre taldearekin, eta Errotik bikoteak kontzertua eskainiko du jarraian.
Okondon, aldiz, haurrentzako tailerrak egongo dira 20:30etatik aurrera San Bartolome enparantzan, eta gaueko hamarretan Twin Rooms taldeak girotuko du iluntzea.
Amurrioko Bañueta auzoan bertan behera utzi dute baita ere musika eskolako konbo taldearen emanaldia, baina programazioko gainontzeko kontuak mantendu dituzte: Kalaka zurezko jokoak, txokolate jana eta erromeria Gautegun taldearekin.
Orozkon ere egongo da iluntzeaz gozatzeko aukera, 19:30etatik aurrera Heuk Esan erromeriak girotuko baitu herria.
Murgan, aldiz, haurrentzako jokoak, zirku tailerra eta odoloste jana egongo dira arratsaldean, eta DJ Alboka arduratuko da iluntzea girotzeaz.
Agenda deialdi guztien gaineko informazioa hemen ikusi daiteke.