“Itxaropentsu” azaldu da Ramiro Gonzalez Aiaraldeko industria sustatzeko mahaiari dagokionez. Ahaldun Nagusiak uste du “osagai nahikoak” daudela “akordio zabala” erdiesteko mahaian parte hartu duten eragileen artean, “Aiaraldeko industriaren biziberritzea bultzatzeko”.
Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak diputatuak, Gasteizen, kazetari batek gaiari buruz galdetu dionean, Refor enpresaldean mahaia bilduta zegoen bitartean.
Gauzak hala, Gonzalezek ez du Amurrion ateratako ondorioak zeintzuk izango diren aurreratzerik izan, baina baikor azaldu da. Izan ere, gaurkoa izan da Aldundiak sustatutako marko horren ohiko azken bilera, baina uztailean beste bilera bat egitea aurreikusi dute, gaur plazaratu dituzten ondorioetan sakontzen jarraitzeko.
Orotara, zazpi aldiz bildu da mahaia iazko azarotik hona, behin hilero, hain zuzen.
Zazpi aldiz bildu da Aiaraldeko industria sustatzeko mahaia iazko azarotik hona, behin hilero.
Gonzalezek nabarmendu du mahaian parte hartu dutenek “leialtasunez, zintzotasunez eta dedikazioz” jardun dutela, “eskualdeko egoeraren inguruan eta hartu beharreko neurrien inguruan dituzten ikuspegiak” partekatzeko.
SOS Aiaraldearen agerraldia
SOS Aiaraldeak, bere aldetik, agerraldia egin du Refor enpresaldean bertan, mahaia bildu baino ordubete lehenago. Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko langile banak hartu dute hitza bertan, eta kritiko azaldu dira Aiaraldeko egoera sozieokonomikoari erakunde publikoetatik ematen ari zaion erantzunarekin.