Buzo gorriekin eta maskara zuriekin jantzitako hamar kide eskaileretan, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langile bana aurrean eta, erdian, “Aiaraldea aurrera” dioen pankarta gorria. Modu horretan ezaugarritu du SOS Aiaraldeak gaur Refor enpresaldean egin duen agerraldia.
Aiaraldeko industria garatzeko mahaiaren bilera hasi baino 45 minutu lehenago hasi dute hitzartzea. “Gaur berriro elkartuko da Arabako Foru Aldundiak sustatutako Aiaraldeko etorkizun industrialerako mahaia, bere ondorioak aurkezteko. Honen aurrean oraingoan , besteetan ez bezala, eskualdeko langileok ez gara haien aurrean mobilizatuko”, azaldu dute Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko langileek.
Bi beharginek gogorarazi dute gutun bat eman zitzaiola azaroan Ramiro Gonzalezi industria sustatzeko mahaiaren lehen bileran, baina ez dutela oraindik Ahaldun Nagusiaren erantzunik jaso. Zehaztu dutenez, “lau eskaera nagusi” plazaratu ziren gutun hartan: “kaleratzeak gelditzea, deslokalizazioak etetea, borrokaren kriminalizaziorik ez egitea eta benetako inbertsioak bultzatzea”.
Gogorarazi dute industria sustatzeko mahaiaren lehen bileran gutun bat helarazi ziotela Remiro Gonzalez Ahaldun Nagusiari, eta ez dutela erantzunik jaso.
Izan ere, aldarrikatu dute Aiaraldeak ez duela “hamar urterako laborategi akademikorik” behar, arazoa “gaur eta hemen” dagoelako: “enplegua suntsitzen ari da, industria-jarduera galtzen ari da eta ehunka familiaren bizi-baldintzak daude jokoan”.
Salatu dutenez, “urteak” daramatzate “azalpen berdinak” entzuten: “administrazioek eskumen mugatuak dituztela, merkatuaren erabakiak direla, multinazionalen estrategiak direla, elkarrizketa soziala behar dela, edo eskualdeko langileria gatazkatsuegia dela”. Gauzak hala, “enplegua defendatzeko behar diren erabaki politikoak hartzea” eskatu diete erakunde publikoei, ohartarazita ezin dela berrindustrializazioaz hitz egin ez dagoenean “enpleguaren suntsiketa geldiarazteko benetako borondaterik”.
Horren aurrean, aldarrikatu dute Aiaraldearen etorkizuna ez dela “argazki instituzionaletan” edo “titular handietan” eraikiko, ezta “langileen ahotsa baztertuz” ere: “Eskualdean argi dugu elkartasuna, antolakuntza eta mobilizazioa direla gauzak aldatzeko bide bakarra. Ez argazki instituzionalak, ez titular ponpoxoak”.