Aurtengo jaietan ere Palestinaren aldeko aldarria presente egoteko deia

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko ekainaren 25a

Agerraldia egin zuten atzo Laudioko Lamuza Plazan. / Aiaraldea.eus

Udako festa sasoian Palestinaren aldeko elkartasun egitasmoak biderkatzeko deia luzatu du Laudio-Palestina herri ekimenak. Iazko konpromisoari eutsita, deialdiarekin bat egin dute Aiara, Amurrio, Areta, Arrankudiaga, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduñako herritarrek.

Iazko konpromisoari eutsi eta 2026ko auzo eta herrietako jaietan ere Palestinaren aldeko elkartasun ekimenak presente egoteko deia luzatu zuten atzo Laudioko Lamuza Plazan egindako agerraldian. Aiara, Amurrio, Areta, Arrankudiaga, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduñako herritarrek egin dute bat Laudio-Palestina herri ekimenak egindako proposamenarekin.

Uda eta festa sasoia baliatuta Palestinarekiko elkartasun ekimenak biderkatzea eskatu dute egitasmoaren deitzaileek, "orain arte gauzatutako ekimenak berpiztuz". Ekimenok "era guztietako kirol, kultur zein gizarte eragileei" luzatu diete, ahalik eta esparru gehien Israel Palestinaren aurka darabilen genozidioa salatzeko eremu bilakatuz.

Palestinako banderak ahalik eta toki gehienetan ikustaraztea jarri dute egitasmoaren erdigunean: "Palestinako bandera ikusaraztea, Israel Palestinan burutzen ari den sarraskia salatu eta gaitzesteko eta Palestinar Herriarekiko elkartasuna adierazteko tresna bilakatzeko deialdia da, eta lantokietan, ostalaritzan edo merkataritzan ere oihartzuna emateko deialdia luzatu dute", adierazi zuten atzoko agerraldian.

Edonola ere "Israel salatzeko tresnarik eraginkorrena boikota dela" azpimarratu du Laudio-Palestina herri ekimenak. Hori dela eta BDZ ekimena (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) "etxean zein jaietako txosnetan" sustatzeko deia zabaldu dute ere. Ahal den neurrian Israelekin lotura duten produktuak alboratuz.

Oihartzun zabala

Palestinaren aldeko keinu eta aldarriek oihartzun zabala izan zuten iazko udako jaietan, eta Palestinako banderak nonahi ikus zitezkeen. Amurrioko Jai Herrikoien egitarauaren barruan argazki erraldoia egin zuten palestinar herriaren aldeko, eta Laudioko Suziri Jai Batzordeak kuadrillen pankarta guztietan aldarria presente egoteko deia egin zuen, besteak beste. Arrankudiagako jaietarako kamiseta berezia kaleratu zuten eta Artziniegako Jaietan udaletxe zaharretik pankarta erraldoia eskegitzeaz gain keinu egin zieten ere Israelen parte hartzearen aurka Espainiako Itzulian egondako protestei.

Laudio-Palestina herri ekimenak helbide elektronikoa jarri du herritar eta jai-batzorde guztien eskura, egitasmoa sustatzeko baliabideen inguruko informazioa eskaintzeko asmoz: laudio.palestina@gmail.com.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide