Hiru egunez egon zen Aiaraldea alerta gorrian tenperatura altuengatik aurreko astean. Termometroek 40 graduak gainditu zituzten eta egoerara egokitzea zaila izan zen herritar gehienentzat eta, pentsa litekeenez, are zailagoa egoera zaurgarrian dauden horientzat, haur, adineko edota desgaitasuna duten pertsonentzat, besteak beste.
Bide horretan, sinadura bilketa abiatu du Amurrioko Tipi-Tapa Haurreskolak, 32 graduko tenperaturak erregistratu ostean.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen zentroetan ere, alegia, Laudio eta Amurrioko adinekoen egoitzetan eta Laudioko Lantze zentroan, tenperaturen erregistroak egin zituzten langile soziosanitarioek, datu horiek "prebentzioaren arloan eskumena duten organoei helarazteko". Izan ere, beroaldietan tenperatura altuak izaten dira bai erabiltzaileen logeletan, bai langileen bulegoetan, zein bestelako espazio komunetan.
Zehazki, hauek dira ekainaren 15ean, 23an eta 24an GOFEko langileek jasotako neurketak:
- Adinekoentzako Laudioko egoitza publikoa: logela, ekainaren 24an, 14:00etan. Neurtutako tenperatura: 34,3 gradu.
- Adinekoentzako Amurrioko egoitza publikoa: logela, ekainaren 23an, 22:00etan. Neurtutako tenperatura: 32,4 gradu.
- Adinekoentzako Amurrioko egoitza publikoa: erizaintzako bulegoa, ekainaren 23an, 22:00etan. Neurtutako tenperatura: 32,1 gradu.
- Desgaitasuna duten pertsonentzako Laudioko Lantze Okupazio Zentroa: jantokia, ekainaren 15ean, 14:00etan. Neurtutako tenperatura: 30,5 gradu.
Datuok ikusita, GOFEko Langileen Batzordeak prebentzio-neurriak indartzeko beharra azpimarratu du, langileen segurtasuna zein zerbitzu horietako erabiltzaileen ongizatea bermatu dadin. Izan ere, adierazi dutenez, zentro horiek "ez daude prest" horrelako beroaldietarako, eta beharrezkotzat jo dute horiek gaitzeko inbertsioak egitea.