Ia 11 milioi euroko zorra dute pilatuta Aiaraldeko zortzi enpresa eta enpresarik ogasunarekin

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 1a

Urduñako Somolsa da zerrendetan agertzen den enpresetako bat. / Urduñako Udala

Azken bi urteetan ez da Aiaraldeko izen berririk gehitu Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien zerrendetara. 

Ez dago aldaketarik Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien zordun nagusien zerrendetan Aiaraldeari dagokionez. Iazko zordun berdinak mantendu dira bi zerrendetan. Hori bai, handitu egin da ogasunarekin duten zorra, diru kopuru hori handitu egiten delako urte batetik bestera, zorra kitatzeko mugimendurik egin ezean. Gauzak hala, une honetan 10.989.601,39 eurokoa da eskualdeko zortzi enpresek pilatuta duten zorra, iaz baino 163.126,73 euro gehiago. 

Hemen ikusi daitezke zordun guztiak:

 

Zordun nagusien zerrendetan agertzeko milioi bat euroko zorra izan behar zen pilatuta gutxienez. 2024an, aldiz, langa hori 600.000 eurora jaitsi zen, eta eskualdeko beste hiru enpresa sartu ziren orduan zerrendan. 

Une honetan 10.989.601,39 eurokoa da eskualdeko zortzi enpresek pilatuta duten zorra, iaz baino 163.126,73 euro gehiago.

Likidazio fasean dago baita Nuevo Diseño LAO S.A.. Higiezinen salerosketan jarduten zuen Urduñako enpresa horrek, eta une honetan 740.684,66 euroko zorra du Bizkaiko Foru Aldundiarekin.

 

Tratamientos y Transf. Materiales Metalurgicos S.A. ere sartu zen iaz zerrendan, eta 765.249,44 euroko zorra du pilatuta uneotan. Enpresa horrek harreman zuzena du zordunen zerrendan agertzen bost urte daramatzan Recuperación de Materiales Industriales enpresarekin, jabeak berdinak zirelako. Remai laburdurarekin da ezagunagoa lantegi hori eta Murgan kokatuta dago. 36 behargin zituen, baina itxita dago aspaldi, hartzekodunen lehiaketan. Une honetan 1.299.581,22 euroko zorra du Arabako Foru Aldundiarekin.

Horrez gain, 2024an beste enpresa esanguratsu bat sartu zen Arabako zerrendan: Autoglas Opco BM S.L., Autoglas-Glavista lantegiaren atzean dagoen entitate juridikoa. Gaur gaurkoz 1.655.882,92 euroko zorra du ogasunarekin.

Zordun ez hain berriak

Aiaraldeko gainontzeko zordunek, aldiz, urte ugari daramatzate Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien zerrendetan agertzen. Somolsa Sociedad de Materiales Orduña Laboral S.A.L. enpresak 2.571.140,8 euroko zorra du pilatuta, eta ez du inoiz itzuliko: 2004. urtean itxi zituen ateak, eta ordainketak etenda ditu orduz geroztik. Gaur egun, Sabadell bankua eta Elkargi finantza-entitatea dira fabrikaren lursailaren jabeak. Gainera, eraikinaren zati handi bat behera erori zen 2022an, lapurrek metalezko estrukturaren hainbat zati eraman dituztelako.

BM & Alessio Investments S.L. enpresa unipertsonala 2021ean batu zen zerrendara, eta 1.143.337,97 euroko zorra du pilatuta. Duela 13 urte sortu zen enpresa, 3.016 euroko kapital sozialarekin, eta Saratxoko poligonoan du egoitza soziala. Akzioen salerosketara dedikatzen da eta Eduardo Alessio Alves da administratzaile bakarra.

Bukatzeko, Ruben Bravo Gonzalezen kasua dago. Enpresari horrek 2.026.027,62 euro zor dizkio Arabako Foru Aldundiari. Lau enpresa ditu Bravok bere izenean: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hirurek Laudioko Jose Mardones kaleko etxebizitza batean dute egoitza fiskala. Laugarrena, aldiz, Kantabriako Valdeolea herrian dago. Dena dela, guztiek dute antzeko ekonomia-jarduna: higiezinen eta aktiboen salerosketa.

SPM del monte S.A-k, 8,2 milioi euroko zorra

Bukatzeko, ezin da aipatu gabe utzi SPM del monte S.A-ren kasua. Enpresa hori ez da Aiaraldekoa berez, baina 1.411 metro karratuko pabilioi industriala zuen Urduñan. Espazio hori enkantean atera zuten 2003. urtean, konpainia likidatu zenean. Ordutik hona, beti agertu da sozietatea ogasunaren zerrendan. Gaur egun 8.240.531,95 euroko zorra du pilatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide