LAB sindikatuak oharra zabaldu du jakinarazteko epaitegira joko duela Tubacex multinazionalak abiatuko duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontra.
Hala azaldu du langile erakundeak: "Dokumentazioak eta emandako azalpenek agerian uzten dute enpresak lan-karga faltatzat aurkezten duen egoera zuzendaritzak berak hartutako antolakuntza-erabakien ondorio dela".
Gauzak horrela, LABek aipatu du Tubacexek ekoizpena eta lan-karga atzeratu eta taldeko enpresen artean banatzen dituela bere interes ekonomikoen arabera eta, horrela, nahita sortutako egoerak erabiltzen dituela gero baliabide publikoekin finantzatutako enplegua eteteko neurriak justifikatzeko.
Administrazioen isiltasuna
Sindikatuak atentzioa jarri du erakunde publikoen kontrol ezan, horrek ahalbidetzen baitu konpainiak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea baliatzea abusuzko baldintzetan: "Onartezina da enpresa batek bere ekoizpena barrutik berrantolatzea bere etekin ekonomikoak handitzeko eta, ondoren, estrategia horren kostuen zati bat langileen eta gizarte osoaren bizkar uztea diru publikoarekin finantzatutako mekanismoen bidez".
Martxora arteko espedientea
Ekainaren hasieran iragarri zuen Tubacexek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea aurkeztuko zuela. 2027ko martxora arte luzatu nahi du neurria, eta 95 eguneko eragina izango luke langile bakoitzeko. Zuzendaritzak aipatu du Ukrainiako eta Irango gerrek, Txinako lehiakideek eta Ameriketako Estatu Batuetako muga zergek bultzatu dutela erabakia hartzera.