Aiaraldeko zenbait errepide hobetuko ditu Arabako Foru Aldundiak 2026ko Bide Zoruen Planaren bidez, bai eta eskualdea Arabako beste herriekin edota Gasteizekin lotzen dituzten bideak ere.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak ostegunean aurkeztu zuen Plana, eta adierazi zuen 5 milioi euro inbertituko dituztela hobetze-lanetan, 2025ean baino %24 gehiago, alegia. Guztira 40 errepidetako bide tarteen zorua konponduko dute, eta aurrekontuaren ia % 55 bigarren mailako errepideetako lanetara bideratuko da.
Eskualdean egingo dira obra horietako batzuk, eta horien artean, arazoak eta istripuak ohikoak bilakatu diren A-3641 errepidea konponduko dute, 2 kilometroko tartean behintzat. Hobetze-lan horiek ekainaren erdialdean iragarri zituzten dagoeneko, Nogales foru diputatua Okondo eta Aiarako alkateekin bildu zenean. Bi udalerrietako ordezkariek haien kezka eta proposamenak helarazi zizkioten.
Horrez gain beste hainbat bideetan ere egingo dituzte esku-hartzeak. Oinarrizko sareari dagokionez, A-625 errepidean, zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konponduko dituzte, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita, Amurrio eta Laudio artean.
Horrez gain, Urduñako mendateko A-2622 bidean, errodadura geruza berrituko dute bide tarteetan, guztira kilometro batean.
Azkenik, lehentasunezko intereseko sarearen bost errepidetan ere egingo dituzte lanak, hain zuzen ere, honako hauetan:
- A-1 Sei tarte oso, guztira 10,5 kilometro, eta gune jakin batzuk egokitzea, Burgosko probintziaren mugaren eta Nafarroako mugaren artean.
- N-124 Kilometro bateko tarte oso bat Las Conchas tunela baino lehenago, Logroñoko norazkoan.
- N-240 Gune puntualak konpontzea.
- N-622 Errodadura geruza berria Gopegiko lotunearen ondoren kilometro bateko tarte oso batean, eta gune jakin batzuk konpontzea.
- AP-1 Zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konpontzea, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita.