Greba mugagabe luzea espero dute zabor bilketako langileek, PreZero enpresak adierazi dielako ez duela eskaintza hobetuko

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 21a

Aiaraldeko Kuadrillako zerbitzuaren langileek atzo abiatu zuten greba mugagabea erosmen ahalmena eta asteburuko lanaldiak hobetzeko.

Atzo bi greba mugagabe hasi ziren Aiaraldean garbiketaren esparruan. Amurrioko kale garbitzaileen kasuan, egunean bertan lortu zuten aurreakordioa PreZero enpresarekin, baina Aiaraldeko Kuadrillako zabor bilketaren kasuan, badirudi gatazka luzatuko dela.

Horrela adierazi dute euren ordezkariek gaur bertan Laudioko Herriko plazan egindako elkarretaratzean. Izan ere, PreZero enpresak (bi zerbitzuen esleiduna dena) atzo ohartarazi zien ez zuela egindako eskaintza hobetuko. Ondorioz, grebak iraungo duela uste dute beharginek.

Langileen aldarrikapenak

ELA sindikatuak argitu duenez, bi dira beharginen aldarrikapen nagusiak. Alde batetik, erosmen ahalmena hobetzea, KPIren tamainako soldata igoera lortuta, gutxienez. Dirudienez, PreZerok hori emateko prestutasuna adierazi zuen greba baino hiru egun lehenago.

Askatu gabeko korapiloa, berez, asteburuetako lanaldian datza. Izan ere, langileek asteburuetako egutegia hobetu nahi dute. Gaur egun, bi astean behin asteburutan aritzen dira eta konpainiak soilik eskaini die lana arintzea plantillaren erdiari. ELAk aldarrikatu duenez, neurri hori behargin guztiei aplikatu beharko litzaieke onargarria izateko.

Aiaraldeko Kuadrilla

Bide batez, ELA sindikatuak exijitu dio Aiaraldeko Kuadrillari PreZerorekin harremanetan jartzea euren aldarrikapenak aintzat har ditzan. Langile erakundeak aipatu du Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniegaren zerbitzua kudeatzen duen instituzioa ez dela bitartekari hutsa eta ardura zuzenak dituela gatazkan, zerbitzua publikoa den neurrian.

Bere aldetik, Kuadrillak atzo zabaldu zuen gutxieneko zerbitzua %40koa izango dela grebak iraun bitartean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide