Gaur bi greba mugagabe hasi dira Aiaraldean eta bat gaur bertan amaitu da. Izan ere, PreZero enpresak irabazitako bi esleipenetako langileek lanuztea deitu dute gaurko: Amurrioko kale garbitzaileek eta Aiaraldeko Kuadrillako zabor bilketakoek, alegia
Amurriokoek aurreakordioa sinatu dute gaur eta lan gatazka amaitutzat jo dute. ELA sindikatuak azaldu du negoziazioa bloketatuta zegoela eta grebarekin lortu dutela akordioa. Plantillan dauden sei beharginen lorpenak honako hauek izan dira:
- Bi urteko hitzarmena (2025-2026).
- KPIa bi urteetan, eta 2027an berriro negoziatzea.
- Ordaindutako sei ordu batzarretarako.
- Norberaren gauzetarako bi egun ordaindu gehiago.
- Ordu gehiago medikuarentzat.
- Hirurteko gehiago.
- Ostiral arratsaldeetan lan egin behar dutenentzat 14 euro bazkaria ordaintzeko.
Zabor bilketa zerbitzuko grebak, erabateko jarraipena
Halaber, ELAk aipatu du Amurrioko langileek eskatu dietela Aiaraldeko Kuadrillako agintari politikoei proposamenak egitea baldintza duinak ezartzeko zabor bilketako kideentzat. Izan ere, sektore horretako beharginek ere gaur abiatu dute greba mugagabea, erabateko jarraipenarekin, ELA sindikatuaren arabera.
Lan gatazka sozializatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan. Gaur eguerdian Amurrioko udaletxearen aurrean egin dute protesta, eta hauek izango dira hurrengo zitak:
- Uztailak 21: Laudioko Udaletxearen aurrean 12:00etan
- Uztailak 22: Aiaraldeko Kuadrillaren egoitzaren aurrean, Arespalditzan, 12:00etan
- Uztailak 23: Laudioko Udaletxearen aurrean 12:00etan
- Uztailak 24: Amurrioko Udaletxearen aurrean, 12:00etan
%40ko gutxieneko zerbitzuak
Aiaraldeko Kuadrillak ere herritarrak informatu nahi izan ditu gaur hasi den grebari buruz. Zehazki, erakundeak azaldu du 2026ko uztailaren 17ko Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak emandako Aginduan ezarritakoari egokituko zaiola lanuzteari. Agindu horren bidez, herritarrentzako oinarrizko zerbitzua denez, funtsezko zerbitzuen mantentzea bermatu dute.
Horrela, edukiontzien bidezko bilketa-zerbitzua eta merkataritzako
bilketa ohiko jardunaren %40an emango dute, ezarritako gutxieneko zerbitzuak betez. Era berean, Laudioko Garbigunea 08:00etatik 12:00etara egongo da zabalik.
HAlaber, Aiarako Kuadrillak herritar guztiei erantzukizunez, elkarlanean eta ulermenez jokatzeko deia egin die egoerak irauten duen bitartean. Horretarako, edukiontziak eta hondakinak biltzeko zerbitzua arduraz erabiltzea eskatu du, ahal den neurrian beharrezkoak ez diren
hondakinak ez uztea eta gutxieneko zerbitzuek ezarritako mugak errespetatzea.