Aiaraldeko ordezkari jeltzaleak egon dira Espainiako Kongresuan, Hegoaldeko Tren Saihesbideak eragin ditzakeen kalteen kontrako neurriak eskatzeko

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 23a

Ordezkari jeltzaleak Kongresuan. / EAJ

⁠Jonatan Moreno Carranza, Urtzi Vergara Belausteguigoitia, ⁠Txerra Molinuevo Laña, ⁠Gentza Alamillo Udaeta, Ander Añibarro Maestre eta ⁠Iker Santocildes Perez bertaratu dira Madrilera Hegoaldeko Tren Saihesbideak merkantzien trafikoa biderkatuko duelako hainbat herritan.

EAJko taldeak Legez Besteko Proposamena aurkeztu du Kongresuan Hegoaldeko Tren Saihesbideari buruz. Zehazki, jeltzaleek eskatuko diote Espainiako gobernuari plana jar dezala abian azpiegitura horrek hainbat udalerritan sortuko dituen zarata eta dardarei aurre egiteko.

Bizkaiko zein Arabako hainbat ordezkari jeltzalek babestu dute ekimena, eta horien artean egon dira Jonatan Moreno Carranza, Urtzi Vergara Belausteguigoitia, ⁠Txerra Molinuevo Laña, ⁠Gentza Alamillo Udaeta, Ander Añibarro Maestre eta ⁠Iker Santocildes Perez aiaraldearrak.

Berez, alderdiak adierazi duenez, “Arrigorriagan, Ugaon, Arrankudiaga-Zollon, Laudion, Aiara (Luiaondon), Amurrion eta Urduñan ia hirukoiztu egingo lirateke merkantzia-trenen joan-etorriak, gehienak hiri-inguruneetatik eta etxebizitza ugaritatik oso hurbil igaroz".

Alderdiak argitu du Hegoaldeko Tren Saihesbidearen alde dagoela, baina uste duela zaratak murrizteko neurriak ez direla nahikoa izango eta, ondorioz, abiadura handiko sarea zabaltzea proposatu du, mesetaraino luzatuta.

Finean, Kongresuan eztabaidatuko den egitasmoak proposatuko du berma dadila "Korridore Atlantikoaren jarraipena UIC zabaleran, euskal Y-aren eta mesetaren artean salgaiak garraiatzeko", lehenets dadila euskal Y-a "trafiko-azpiegitura misto gisa", ADIFek, eragindako administrazio autonomikoekin eta udalekin batera, "trenbideak arintzeko eta integratzeko neurrien plan bat" garatzea, "salgaien trenbide-trafikoaren hazkundearen" eragina murrizteko, eta neurriak har daitezen salgaien garraioaren hazkundea bateragarria izan dadin "bidaiarien trenbide-zerbitzuaren kalitatearekin".

Era berean, obren koordinaziorako eta jarraipenerako mahai bat eskatu dute, inplikatutako administrazioen artean osatu beharrekoa. 

Aipatu beharra dago Iker Santocildes Urduñako alkateak kezka adierazi zuela maiatzean dagoeneko azpiegiturak sor ditzakeen eragozpenengatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide