EH Bilduk ez du babestu Aldundiaren proposamena AP-68 kudeatzeko eta gogoratu du "zor historikoa" dagoela Aiaraldearekin

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 31

AP-68 errepideko ordaintokietako bat. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk kritikatu du oso berandu aurkeztu duela Foru Gobernuak arau proposamena eta puntu ugaritan desados daudela aipatu du. Besteak beste, aipatu du Aiaraldea eskualdearekin "zor historikoa" dagoela, arabar bakarrak izan baitira hiriburura joateko autopista ordaintzen. 

Iñaki Ullibarri Arabako EH Bilduko batzarkidea Aiaraldea Komunikabidearekin jarri da harremanetan gaur azaltzeko koalizioa ez dagoela ados Arabako Foru Aldundiko gobernuak aurkeztu duen proposaremenarekin AP-68 kudeatzeko.

Foru Gobernu Kontseiluak asteartean onartu zuen arau proposamena AP-68 kudeatzeko, azaroaren 11n publiko bilakatuko baita eta zabaldutako oharrean adostasun politiko zabala zegoela aipatu arren, Ullibarrik aurreratu du EH Bildu aztertzen ari dela araua eta talka puntuak topatu dituztela jadanik.

Batzarkideak azaldu du aurreko legealdian egon zela adostasuna gaitasun handiko ponentziaren inguruan, baina ez astearteko proposamenari lotuta.

Aiaraldearrek Gasteizera joateko ordaindu dute, beste arabarrek ez bezala

Detektatu duten desadostasunetako bat izan da ez dela konpontzen Aiaraldeko herritar arabarrekin dagoen "zor historikoa". Izan ere, eskualdeko herritarrek ordaindu behar izan dute autopista erabiltzeko Gasteizko bidean eta horrek proposamen berezia beharko luke, EH Bilduren ustez.

Detektatu duten desadostasunetako bat izan da ez dela konpontzen Aiaraldeko herritar arabarrekin dagoen "zor historikoa".

"Oso berandu eta anbizio gabe"

Edonola ere, arestiko arrazoi hori ez da EH Bilduk argudiatu duen desadostasun handiena. Izan ere, Ullibarrik kritikatu du izugarri berandu lantzen ari dela foru araua: "Azaroaren 11n bilakatuko da AP-68 publiko eta irailean ekingo diogu eztabaidatzeari osoko bilkuran. PPk ziurrenik beste osoko bilkura bat eskatuko du arauari zuzenketa osoa egingo baitio, eta guk zuzenketa partziala ere aurkeztuko dugu. Horrez gain, tarifen prezioak ere eztabaidatu beharko ditugu. Hortaz, urriaren amaieran bukatu daiteke prozesua eta azaroan indarrean jarri. Mugan egongo gara".

Halaber, EAJk eta PSE-EEk proposatutako proiektuari anbizioa falta zaiola azpimarratu du eta ezer gutxi aurreratu nahi izan badu ere, iradoki du garraiolari arabar txikientzako neurriak falta direla, baita mugikortasun jasangarria sustatzekoak edo tarifa laua sortzea, Gipuzkoan bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide