Arabako Foru Aldundiak gaur onartu du AP-68 autopistaren kudeaketa eredu berria. Izan ere, azaroaren 11n esku publikoetara itzuliko da, hainbat urtez enpresa pribatuen esku egon ondoren.
Gauzak horrela, Aldundiak proposatu du %70eko beherakada prezioetan ibilgailu arinentzat eta %50ekoa trafiko pisutsuaren kasuan. "Autobidearen Arabako tarteko prezioa kilometroko 22 zentimo izan beharrean 6 zentimokoa izango da, eta, ondorioz, Arabako 55 kilometroen guztizko prezioa 11,20 euro izan beharrean 3,35 eurokoa izango da", azaldu du erakundeak.
Nola ordainduko da?
Ordaintzeko sistema berria erabiliko du Foru Aldundiak eta horretarako 37 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin du.
Orain arteko ordaintokiekin batera, arkuak eta banderak ere baliatuko dituzte. VIA-T gailuen eta antzekoen bidez egingo da ordainketa, web erregistro baten bidez, non erabiltzaileek ibilgailua kreditu/zordunketa txartel bati lotuko duten, hainbat tokitan dauden irakurgailuen eta kameren bidez. Halaber, ibilbide nagusietan eskudirutan eta txartelaz ordaintzeko makinak egongo dira.
Eskuratutako dirua errepidearen mantentze lanak ordaintzeko bideratuko dute (16 milioi euro urtero) eta beste 32 milioi euro inbertsioetarako.
EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Araba alderdien akordioaren bitartez onartu dute funtzionamendu berria.
Doakotasuna aldarri
Herritarren aldetik, azken urteetan ugaritu egin dira AP-68 autobidearen doakotasunaren aldeko ahotsak. 2021ean sortu zen AP-68 dohainik plataforma, eta hainbat ekimen egin dituzte ordutik hona. Besteak beste, mozioak aurkeztu dituzte eskualdeko udaletan.