Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen II. Fasea, Aiaraldea zeharkatu beharko duena, eztabaida politikoa sortzen ari da udaletan. Izan ere, EAJk Kongresura eramandako proposamena udal osoko bilkuretara eraman du eta EH Bilduk ez du babestu bere ideia.
Izan ere, jeltzaleek uste dute salgaien tren trafikoa ez duela C-3 linea zeharkatu behar eta horren ordez Abiadura Handiko Trenerako beste azpiegitura sortu beharko litzatekeela.
Ideia hori jadanik Arrankudiaga-Zollo eta Urduñara eraman dute, baina EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu du. Gauzak horrela, jeltzaleek leporatu diote EH Bilduri babestea salgaiak garraiatzen dituzten trenek udalerriak zeharkatzea.
Aiaraldea Komunikabidea koalizioarekin harremanetan jarri da eta EH Bilduk adierazi du bere mozioak bi ideia nagusi defendatzen dituela. Alde batetik, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen II. fasea garatzean lehentasuna izan dezala Hego Uribeko eta Aiaraldeko herriguneen gaineko eraginak kentzea edo, gutxienez, minimizatzea. Era berean, eskatu du, azpiegituraren beste zati batzuetan egin den bezala, herritarrengan duen eragina murrizteko irtenbideak har daitezela, hala nola trenbideak lurperatzea edo estaltzea.
Bestetik, koalizioak Garraio Ministerioari, ADIFi, Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari (ETS) eskatu die elkarrekin lan egin dezatela zarataren murrizketa, bibrazioak, hesi-efektua eta herritarrengan eragindako gainerako eraginak hobekien bermatuko dituzten alternatibak aztertu eta garatzeko.
Azkenik, EH Bilduk azpimarratu du eztabaidaren toki egokienak ez direla udalak, baizik eta Eusko Legebiltzarra eta Kongresua, hor baitago eskumena horrelako azpiegiturei dagokienez, eta gaineratu du ez dutela babestuko ez Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea ez balizko AHTko trenbide berriak proiektu zehatzak ezagutu gabe.