C-3 Lineako tren egokituen zerbitzua hamar geltokitan baino ez da benetan irisgarria eta segurua, Fekoor elkartearen arabera

Maider Ramirez Martin 2026ko abuztuaren 4a

Erdiko bagoiko ate zentrala da mugikortasun murriztua duten pertsonei egokitua. / Aiaraldea.eus

Fekoorrek aztertu duenez, Abando, Miribilla, La Peña, Bidebieta-Basauri, Arrigorriaga, Areta, Laudio, Amurrio Iparralde, Amurrio eta Urduñako geltokietan trenera igo eta jaistea da bakarrik irisgarria, segurua edo araudiaren gertukoa. 

Aurreko asteko astelehenetik, uztailaren 27tik, egokitutako hiru tren daude martxan Urduña eta Bilbo lotzen dituen C-3 linean. Gipuzkoatik ekarritako 447 modeloko ibilgailuak dira eta erdiko bagoiko ate zentralean arrapala dute eskailerak beharrean. Iragan astean, Maria Luisa Goikoetxea urduñarrak aurreratu zuen trenak irisgarriak izateak ez duela esan nahi zerbitzu osoa ere badenik, ez baitaude geltoki guztien altuerara egokiturik. 

Araudiak zehazten du nasa eta trenaren arteko distantziak ezin dituela 7,5 zentrimetroak gainditu, eta desnibela ezin daitekeela 5 zentimetro baino gehiagokoa izan. Fekoor elkarteak geltokiz geltoki neurtu du ea segurua den mugikortasun murriztua duten pertsonei bideratutako atetik gurpildun aulkian edo beste baliabide tekniko batzuen laguntzaz trenetik igo eta jaistea eta C-3 lineako irisgarritasun mapa osatu du. 

Kolore berdea eman diete trenetik modu irisgarri eta seguruan igo eta jaitsi daitekeen geltoki horiei, laranja araudia gutxigatik gainditzen dutenei edo zailtasunak sor ditzaketen horiei eta gorria arriskutsuak eta ez irisgarriak diren horiei. 

Urduñatik Bilboko noranzko nasetan, horrela kategorizatu dituzte:

  • Berdeak, irisgarriak: Urduña, Amurrio, Amurrio Iparralde, Laudio, Areta, Arakaldo, Basauri, Bidebieta-Basauri, Miribilla, Abando.
  • Laranjak, zalantzazkoak: Arrankudiaga, Arrigorriaga, La Peña.
  • Gorriak, arriskutsuak: Iñarratxu, Salbio, Luiaondo, Laudioko Santa Kurutze, Arbide, Bakiola, Ugao, Abaroa San Miguel, Ollargan.

Bilbotik Urduñako noranzkoan, ordea, nasa aldatzen denez, honelakoa da sailkapena:

  • Berdeak, irisgarriak: Abando, Miribilla, La Peña, Bidebieta-Basauri, Arrigorriaga, Arbide, Urduña.
  • Laranjak, zalantzazkoak: Bakiola, Arrankudiaga, Areta, Laudio, Amurrio Iparralde, Amurrio.
  • Gorriak, arriskutsuak: Ollargan, Abaroa-San Miguel, Basauri, Ugao, Arakaldo, Laudioko Santa Kurutze, Luiaondo, Salbio, Iñarratxu.

Gauzak horrela, Fekoor elkarteak aholkatu die mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei ordutegia begiratzeko unean Renferen webgunean "Irisgarriak" aukera aktibatzea, jakiteko zein zerbitzu den egokia euren beharretarako, bai trenaren zein geltokiaren aldetik. Renferen arreta telefonoak ere erabili daitezke horretarako:  944 879 256 / 912 320 320.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide