Gipuzkoatik ekarritako trenak heldu arren, C-3 linea osoa ez da irisgarria oraindik

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 27a

Tren berriek plataformak izan arren, ez daude geltoki guztien altuerara egokiturik. / Aiaraldea.eus

Gipuzkoako tren trafikoaren zati bat bertan behera utzi duenez Renfek, unitate irisgarri batzuk bideratu ditu C-3 lineara. Hala ere, Maria Luisa Goikoetxea urduñarrak azaldu du horrek ez duela esan nahi zerbitzu osoa irisgarria denik.

Pasa den astean unitateren bat ikusgai egon bazen ere C-3 linean, antza gaur arte ez dituzte funtzionamenduan jarri Renfeko tren irisgarriak. Bagoi horiek Gipuzkoatik heldu dira, Adifek trafikoa eten behar izan duelako han, Abiadura Handiko Trena egiteko obrekin jarraitzeko.

Edonola ere, Maria Luisa Goikoetxeak, irisgarritasunaren aldeko ekintzaile urduñarrak, Fekoor elkartearen informazioa jaso ondoren, jakinarazi du horrek ez duela esan nahi Bilbo eta Urduña lotzen duen zerbitzu osoa irisgarri izango denik, arrazoi ugari direla medio.

Hasteko, ekarritako unitateek ez dituztelako orain arte egon diren trenak ordezkatuko. Hau da, ohiko trenek ere jarraituko dute funtzionamenduan.

Horrez gain, geltoki guztiak ez daude prestatuta trenaren ezaugarrietarako eta, ondorioz, nahiz eta plataforma bat izan, ez da geratzen nasaren altueran geltoki orotan.

Gauzak horrela, Fekoor elkarteak aholkatu die mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei ordutegia begiratzeko unean Renfeko webgunean "Irisgarri" aukera aktibatzea, jakiteko zein zerbitzu den egokia euren beharretarako, bai trenaren zein geltokiaren aldetik.

Aipatu beharra dago, berez, unitate mota ezberdinak probatu dituztela Renfeko Aldirietan, Bartzelonatik ekarritakoak adibidez, baina duela urtebete baliatu zuten Gipuzkoako unitate bat eta Maria Luisa Goikoetxea berak parte hartu zuen saio horietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide