Pasa den astean argitaratu bezala, ur gabezia arazo bilakatu da Gorobelen eta 160.000 litro ur garraiatu zituzten abuztuaren 17an arrazoi horregatik. Edonola ere, hilabetea amaitu baino lehen erreserbak agortuko zirela iragarri zuen Aiarako Udalak pasa den astean eta ez zuen kale egin kalkuluetan, atzo bertan igo behar izan baitzuten ura berriro abereen edanlekuak elikatzeko.
Horretarako aukera egon da Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartu duelako tokiko erakundearekin, beharren arabera ingurua hornitzeko. Gauzak horrela, ikusita animalientzako ura jadanik agortzear zegoela, kamioia kontratatu zuten atzo Aiarako Udalak eskatuta berriro, eta gehiago behar izatekotan, Aldundiko arduradunek prestutasuna agertu dute gehiago bermatzeko.
Foru eta tokiko erakundeek adostutakoa, antza, bada beharren arabera ura eskatzea. Aldaketa nabaria izan da. Izan ere, pasa den astera arte Aldundiaren konpromisoa zen 160.000 litroren garraioa ordaintzea, baina kopuru hori jadanik agortu zuten Gorobelen.
Berez, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak pasa den ostegunean jakinarazi zuen Gorobel eta Gibijoko mendizerrak 300.000 litro urez hornitu zituztela, baina akordioa zabalagoa da.
Suteak prebenitzeko neurriak Sanbitoresetan
Larunbatean ospatuko dute artzainen jaia Gorobelen eta Aiarako Udalak iragarri du ura bermatzeaz gain, neurriak hartuko dituztela suari lotutako ezbeharrak prebenitzeko.
Gauzak horrela, Orkatz Basolanak enpresaren zerbitzuak kontratatu dituzte sutea gertatuz gero itzal dezaten.