Ikasturtea hasi da Faktorian, programazio eta atelier eskaintza berriarekin

Maider Ramirez Martin

Irailaren 17an itzuliko da Porrotx Faktoriara. / Aiaraldea.eus

Arte Hartze Zikloarekin, Porrotx eta Yogurinha Borovarekin eta atelier eskaintza zabalarekin irekiko ditu Faktoriak ateak berriro, udako atsedenaldiaren ostean. Aiaraldea Komunikabideak iraileko ekitaldietarako sarrera bikoitza zozkatuko du.

Irailarekin batera martxan da berriro Faktoriako programazio eta atelerrien eskaintza. Bihar abiatuko da, Arte Hartze Zikloko lehenbiziko topaketarekin: BAGOAZ, BAZATOZ? podcastaren saio irekia eta Auhen taldearen kontzertua. 

Datorren asteko ostegunean, Yogurinha Borovak eta Porrotxek bisitatuko dute Faktoria “koloreak eta baloreak dantzan” jartzeko. Bi lagunek Faktoriarentzako propio sortutako ikuskizuna taularatuko dute eta Aiaraldea Komunikabideak sarrera bikoitza zozkatuko du.

Atelierren eskaintza zabala

Gainera, haur eta nerabeentzako zein helduentzako atelier ugari prestatu ditu aurten ere Faktoriak. 

Egoera zaurgarrian dauden eta izena emateko interesa dutenek faktoria@aiaraldea.eus edo 693 855 312 telefonoaren bidez jar daitezke harremanetan, eta egoera bakoitza nola bideratu aztertuko dute arduradunek.

Salbuespenak salbuespen, saioak urritik ekainera izango dira, eta eskola egutegiaren araberakoak.

Izena ematea Faktoriaren webgunetik egin beharko da eta ikasturte osoan parte hartzeko konpromisoa dakar. Digitalki zailtasunak izanez gero, Faktoriara bertaratu eta jaso ahal izango dute interesdunek laguntza.

Behin ikastaroa hasita bertan behera utzi nahi dutenek koordinatzaileari jakinarazi beharko dio hilabeteko epearekin. Hala, izen-ematea eta ordainketa hurrengo hilabetean utziko da bertan behera.

Prezioa atelierraren araberakoa den arren, guztietan ordaindu beharko da hilabeteka, eta ez saioka. Hilabetero prezio bera izango da, saio kopuruak hilez hil aldatu badaitezke ere.

Egoera zaurgarrian dauden eta izena emateko interesa dutenek faktoria@aiaraldea.eus edo 693 855 312 telefonoaren bidez jar daitezke harremanetan, eta egoera bakoitza nola bideratu aztertuko dute arduradunek.

Oro har, taldea osatzeko 8-10 lagun beharko dira, bestela ez da saiorik emango.

Haur eta nerabeentzako atelierrak

Haur eta nerabeentzako sei atelier ezberdinetan izena emateko aukera zabaldu du Faktoriak:

  • Sukaldaritza: 2016-2023 bitartean jaiotakoek garaian garaiko produktuekin kozinatzeko, astelehenero 17:15-18:15.
  • Ipuingintza: 2017-2023 bitartean jaiotakoei bideratuta, ipuinen bidez euskarazko ahozkotasuna landi eta istorio ezberdinak deskubritu ditzaten. Astearteetan izango da, 17:15-18:15.
  • Antzerkia eta sorkuntza: 2017-2023 bitartean jaiotakoek asteazkenetan izango dute antzerkiaz esperimentatzeko aukera.
  • Bertso eskola: Arabako Bertsozale Elkarteak babestuta, 8 urtetik gorakoek bertsolaritzan murgiltzeko aukera izango dute, asteazkenetan.
  • Hitzaren atelierra: hiru-hilabeteka, hitza oinarrian duten diziplina ezberdinak landu ahalko dute 12 urtetik gorakoek: podcasta, jam-improa eta mikroipuinak.
  • Irudi atelierra: hiru-hilabeteko dinamika berarekin, irudiarekin ere esperimentatu ahalko dute 12 urte baino gehiagoko gazteek: TikTok-a, ilustrazioa eta grafitia lantzeko aukera emango du Faktoriak. Ikastaro hau urtarriletik aurrera izango da.

Helduentzako atelierrak

Atelierren eskaintza ez da haur eta nerabeei bakarrik mugatuko, helduentzat ere hainbat aukera prestatu baititu Faktoriak:

  • Margo eskola: Astelehenetan, 18:30-20:00 bitartean, Gurene Grandek gidatuko du margoketa atelierra.
  • Euskara saltsan: Iazko ekimenari jarraiki, euskara modu informalean lantzeko saioak egongo dira astearteetan.
  • Antzerkia: Arnatz Puertas aktorea arduratuko da aurtengo antzerki atelierra gidatzeaz, martitzenetan 18:30-20:00 bitarte.
  • Bertso eskola: Bertso mundua frogatu nahi duten helduek ere horretarako doako aukera izango dute, asteazkenetan, Unai Mendibilen eskutik.
  • Yoga: Ostegunetan, yoga saioak eskainiko ditu Virginia del Casal Velascok.

Ohiko eskaintzaz gain, hilabetean behin, gai ezberdinak jorratzeko atelier puntualak antolatuko ditu Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Bide horretan, horiek dinamizatu edo eskaintzeko prest daudenei harremanetan jartzeko gonbita luzatu diete.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide