Bakarrizketa ikastaroa antolatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, urritik azarora. Bi astean behin, umoregile profesionalek Faktoria bisitatuko dute, ikastaroan izena ematen dutenek bakarrizketak sortzen ikasi eta oholtzaratzen trebatzeko.
Horretarako mentore ezin hobeak izango dituzte ikasleek: Jone Bengoa izango da lehenbiziko irakasle gonbidatua, eta urriaren 13an eskainiko du saioa. Bere atzetik etorriko dira Antton Telleria (urriaren 27an), Kaitin Allende (azaroaren 10ean), Beñat Iturbe (azaroaren 24an) eta Ana Goitia (azaroaren 30ean).
"Nahiz eta bost irakasleak lotuta egon stand-upari, background ezberdinak dituzte eta gauza ezberdinak eskainiko dizkie bakoitzak ikasleei", azaldu du Julen Pagazaurtundua ikastaroaren koordinatzaileak.
Berez, guztiak dira gidoilariak eta stand-upean murgilduta dabiltza azken urteetan, baina Jone Bengoak, esaterako, ilustrazioen bidez ere jorratzen du umorea. Antton Telleria eta Ana Goitia telebistan eta irratian ere ibilitakoak dira eta euskarazko bakarrizketen boom-aren "errudunak" Pagazaurtunduaren ustez.
Kaitin Allende aurkezlea, irrati esataria eta eskualdeko umoregile "historikoa" da; eta Beñat Iturbe ikasleei erreferentzia eta ikuspuntu internazionalak ekartzearen arduraduna.
Astearteetan izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara. Ikastaro osoaren prezioa 100 eurokoa da Faktoriako bazkideentzat, eta 120 eurokoa bazkideak ez direnentzat.
Informazio guztia aurrerago iragarriko duten arren, Pagazaurtunduak aurreratu du behin ikastaroa bukatuta "sorpresatxoak" etorriko direla, eta bai irakasleak zein hala nahi duten ikasleak Faktoriako oholtza gainean ikusteko aukera egongo dela.