Trenbide Berrikuntzarako Zentro baten irekiera iragarri du Ramiro Gonzalezek Laudion

Aimar Gutierrez Bidarte

Ramiro Gonzalez gaur goizean, Arabako Batzar Nagusietako Politika Orokorrari buruzko Eztabaida. / AFA

Aiaraldean Trenbide Berrikuntzarako Zentro bat eta Ikus-entzunezkoen Hub bat garatzeko asmoak iragarri ditu Ramiro Gonzalezek Arabako Batzar Nagusietako Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan

Ikasturte politikoari Arabako Batzar Nagusietako Politika Orokorrari buruzko Eztabaidarekin abiatu dute gaur Gasteizen, eta legealdiaren balantzeaz zein etorkizuneko erronkez hitz egiteko tartea hartu du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak. Gonzalezek jeltzaleek eta sozialistek hamabi urtez eutsi dioten koalizio gobernua jarri du balioan, gobernantza eredu horrek “Araba haztea eta indartzea” eragin duela baieztatuz.

Diputatu Nagusiak, besteak beste, Aiaraldea izan du hizpide bere hitzartzean, eta eskualdean garatu nahi dituzten proiektu handiak iragarri ditu datozen hilabete eta urteetarako. 

Trenbide Berrikuntzarako Zentroa Laudion

Laudion ateak zabalduko dituen Trenbide Berrikuntzarako Zentroa izan da Gonzalezek eskualderako egindako iragarpen handi horietako bat. Talgo eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatutako proiektuak JEZ, Amurrio Ferrocarril edota Herdit enpresen parte hartzea izango du. Ekimen honekin  Foru Aldundiak Mercedes eta Gestamp bezalako enpresekin batera autogintza-sektoreari lotutako BAM zentroan garatutako eredua inplementatu nahi du orain tren-sektorean.

"Arabak trenbide sektorean duen posizionamenduan jauzi kualitatiboa ematea izango da ekipamendu berriaren helburua" Diputatu Nagusiaren hitzetan. Horrekin batera "Aiaraldean ezarpen handia duen sektore baten lehiakortasuna indartzea" ere espero du Gonzalezek.

Iksu-entzunezko Hub-ari lotuta, "lehen mailako nazioarteko produkzio etxe batek" Araban egoitza irekiko duela iragarri du Ramiro Gonzalezek

Ikus-entzunezkoen Hub-a Amurrion

Amurrion egoitza izango duen Ikus-entzunezkoen Hub-a izan da Ramiro Gonzalezen eskualdearekiko beste iragarpenetako bat. Arabako Foru Aldundiak 2025eko apirilean iragarri zuen aurrenekoz ikus-entzunezko HUB bat bultzatzeko asmoa "filmaketak erakarri eta sektorea dinamizatzeko asmoz". Horretarako 1.100 metroko industria-pabiloia erosi zuen Maskuribai industriagunean, 600.000 euroko inbertsioa eginez.

Hub-aren garapenarekin jarraitzeko apustuan berretsi da gur Diputatu Nagusia, eta “proiektuari lotutako lehen mailako nazioarteko produkzio etxe bat” Araban kokatzeko duen asmoa iragarri du. Ekoiztetxe hori zein den zehaztu ez duten arren, "urte honen amaieratik datorren urtearen hasierara bitartean" irekiko du egoitza, Gonzalezen hitzetan.

Tubos Reunidosi aipamena

Bi proiektu horiek iragarpenak egiteaz gain, Aiaraldeak bizi duen egoera sozioekonomikoari ere egin dio erreferentzia Gonzalezek. Zehazki, Tubos Reunidos enpresaren egoerak "kezka sakona" eragiten diola adierazi du Diputatu Nagusiak gaur goizeko hitzartzean. Aurki ebatziko den hartzekodunen konkurtsoan "Amurroioko produkzio zentroaren jarraipena jasotzen duen eskaintza bat aukeratu behar dela" defendatu du Gonzalezek, eta kasu horretan proiektuak "foru erakundearen laguntza izango duela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide