Irailaren 16an jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 'Mendi' parke eolikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena positiboa zela. Horrek esan nahi du egitasmo energetikoak beste urrats bat egin duela egikaritu ahal izateko.
Berriaren aurrean, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiaren eta Amurrio zein Aiarako Udalen eskumenak inbaditzen dituela.
Plan Bereziari ez
Hain zuzen, taldeak gogoratu du Arabako Foru Aldundiak erabaki zuela egitasmoaren Plan Berezia ez onartzea, hirigintza arauak ez zituelako betetzen. Plan hori beharrezkoa da proiektuak udal bati baino gehiagori eragiten dionean.
Esaterako, Aldundiak ukatu egin zuen lurzoru urbanizaezineko 'Mendi' zentral eolikoaren Plan Bereziaren hasierako onarpena. Aiararen kasuan, azpiegitura elektrikoak jarri behar zituen enpresak Murga eta Luiaondoko kontzejuetan, komunitatearen ekipamenduko zonetan, tren-geltokian eta baita Nerbioi ibaiaren arroan ere.
Gauzak horrela, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak adierazi du Jaurlaritzaren erabakiak ez duela konpontzen Mendi zentral eolikoak oinarrian duen gabezia, hau da, hirigintza arauen babes falta, eta erakundeak azaldu beharko duela zer gertatuko den.
Aerosorgailu gutxiago, ekoizpen handiagoa
Green Devco Energy Energy 5 enpresaren proiektuak lau aerosorgailu instalatuko lituzke, aldaketak egin eta gero. Hasieran zazpi aerosorgailu ziren, baina kopurua murriztu zuen, ekoiztu nahi duten energia handituta. Lehen 30 MW ziren eta orain 31,2 MWra helduko litzateke gaitasuna, 7,8 MWra igota lau azpiegituren ekoizpen ahalmena.