'Mendi' zentral eolikoko hiru aerosorgailu kenduko dituzte, baina besteen potentzia handituko dute

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 11

'Mendi' proiektuaren hasierako asmoa. / Aiaraldea.eus

Horrela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du proiektua guztiz aldatu dela eta izapideak hasieratik abiatu beharko liratekeela.

Mendi zentral eolikoa sustatzen ari den enpresak aldaketa nabarmenak egin nahi ditu energia egitasmoan eta, esaterako, zazpi aerosorgailu instalatzetik, hiru eraikitzera igaro nahi du.

Hain zuzen, proiektutik kendu dituen hiru aerosorgailu horiek Orozkotik gertu zeuden biak eta Elexazar aztarnategi arkeologikotik hurbil zegoena dira. 

Edonola ere, bestelako aldaketak ere daude eta deigarriena da, nahiz eta aerosorgailu kopurua murriztu, ekoiztu nahi duten energia handituko dela. Lehen 30 MW ziren eta 7,8 MWra igota lau horien ekoizpen gaitasuna, 31,2 MWra igoko litzateke gaitasuna.

Halaber, beste aerosorgailu baten kokapena mugitu nahi dute; zehazki, Kuskumendi eta Osoño auzunearen ingurutan zegoena.

Izapideak hasieratik

Industria, Trantsizio Energetikoaren eta Jasangarritasun Sailaren jakinarazpenak ezustean hartu du Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldea. Plataformak gogor kritikatu du nola kudeatzen ari diren zentral eolikoak. Hain zuzen, duela gutxi prentsa oharra zabaldu zuten horri buruz.

"Duela gutxi Arabako Foru Aldundiak azaldu zuen bere gain hartuko zuela 'Mendi' proiektuaren Plan Berezia egitea eta, bat-batean, aldaketa oso garrantzitsuak iragarri dituzte. Ezin liteke Plan Bereziak balio izatea bi proiektuetarako, oso ezberdinak baitira. Prozedura osoa zerotik abiatu beharko lukete. Edonola ere, badirudi adarra jotzen ari direla, herritarrontzat eta udalentzat lan handia da espediente hauek lantzea alegazioak egiteko eta enpresek nahi dutenean aldatzen dituzte, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ezer esan gabe", adierazi du taldeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide