EAJ hasi da fitxak mugitzen azaroaren 29ko Espainiako Hauteskundeei begira. Alderdiko organo gorena den Euskadi Buru Batzarrak herrialde bakoitzeko zerrendaburuen proposamena egin du, lurraldez lurralde eztabaidatu eta bozkatu dadin.
Lehen proposamen horretan presentzia aiaraldearra bermatuta dago, Txerra Molinuevo (Amurrioko alkatea) proposatu baitute Espainiako Kongresura joateko Arabako ordezkari moduan, beste lau kiderekin batera: Ibone Santos, Nagore Trepiana eta Gorka Urtaran.
Horrez gain, Eneritz Alonso (Okondoko alkateordea) Senaturako behin behineko zerrendan doa, Jose Ignacio Arrieta, Nerea Bengoa, Angel Marcos Perez de Arrilucea, Arantza Yarza eta Saray Zaraterekin batera.

Hala ere, ez dute oraindik zerrenden ordena zehaztu, Uri Buru Batzarreko asanbladetan eztabaidatu eta bozkatuko baita, herriz herri. Bihartik igandera bitartean egingo dute hori, eta bigarren itzuli bat egingo dute gero behin betiko zerrendak onartzeko, urriaren 13tik 15era bitartean.
Arabatik lau ordezkari doaz Espainiako Kongresura, eta EAJk ordezkari bat lortu du 1977tik hona egin diren hauteskunde guztietan. Senatuan, aldiz, ez dago ordezkari jeltzalerik uneotan. Azkena Almudena Otaola okondoarra izan zen, 2019tik 2023ra bitartean.