Ohiko ordutegiari eutsi dio gaur Faktoriak. Urtero bezala, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileok Hispanitatearen Eguna ospatzeari uko egin diogu gaurkoan, Euskal egutegi propioaren aldeko apustuan berretsiz.
Gauzak horrela, goiz eta arratsalde, zabalik egongo dira Faktoriako ateak, eta, 17:00etatik 20:30etara kantina zerbitzua martxan egongo da. Kultur programazioan ere ez da etenik egongo; gaurdanik eta igandera arte, Paskal Irigoyen musikari baxenafartarra Faktorian izango da, sormen egonaldian murgilduta.
Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileok egin bezala, asko dira Euskal Herri luze zabalean Hispanitatearen Eguna ospatzeari uko egin dioten eragile, sindikatu, kooperatiba eta elkarteak.