2,57 milioi euro bideratuko ditu Arabako Foru Aldundiak alokairuzko etxebizitza publikoa sustatzeko eta Aiaraldeko bi egitasmo babestuko dituela egin zuen publiko atzo foru erakundeak.
Alde batetik, 960.000 euro jasoko ditu Artziniegako Udalak Valle Etxean duen egitasmoa osatzen joateko. Izan ere, hori ez da tokiko erakundeak jasoko duen lehen dirulaguntza. Artekale 16 kalean dagoen eraikina erosteko 356.250 euro bereganatu zituen jadanik iazko abenduan, Araba(n) Bizi Bedi programaren bitartez. Une horretan aurreratu zuten babes ekonomiko gehiago bilatuko zutela.
Zehazki, Valle Etxean, gehienez hamar etxebizitza gaitzea espero dute. Udalak egindako kalkuluen arabera, eraikina erabat birgaitzeak bi milioi euroko kostua izango du. Laguntzekin, inbertsioaren ia erdia bermatu dute; gainerakoa estaltzeko, Udalak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza lerroak baliatuko ditu landa-eremuetako etxebizitzak berritzeko.
Duela aste batzuk, Alkatetzak bilera izan zuen Eusko Jaurlaritzako etxebizitza arduradunekin, ahalik eta laguntza-bide onena zehazteko.
Okondon etxebizitza bat
Bestalde, Okondoko Udalak ere 84.000 euroko dirulaguntza lortu du Arabako Foru Aldundiaren eskutik, Irabien kaleko 3. zenbakian kokatutako 85 m²-ko udal-etxebizitza bat osorik birgaitzeko, gero alokatzeko.
Zehazki, tokiko erakundearen asmoa da gazteen emantzipaziora bideratzea higiezina.
Esku-hartze osoaren kostua 114.677,40 eurokoa da eta Foru Aldundiaren laguntzak gastuaren %73 hartuko du bere gain.
Proiektuak espazioaren erreforma integrala aurreikusten du, egungo banaketa aldatu gabe, eta hainbat hobekuntza jasotzen ditu etxebizitzaren energia-eraginkortasuna eta erosotasuna handitzeko.
Aurreikusitako jardueren artean daude inguratzailea isolatzea, lurzoru erradiatzailea duen aerotermia sistema instalatzea, beroa berreskuratzeko gailua duen aireztapen sistema jartzea eta eraginkortasun handiko arotzeria jartzea, PVCko profilekin eta emisibitate txikiko beira bikoitzarekin.
Udalak 24 hilabeteko epea du obrak egiteko eta udalerriko gazteei etxebizitza hori eskura jartzeko.