AP-68 Dohainik plataformak Aiaraldeako mobilizazioak gogortuko dituela iragarri du, eta gidariei autopista ez ordaintzeko deia egingo die azaroaren 10ean egungo kontzesioa amaitu ondoren bidesariak mantentzen badira. Taldeak salatu du ordainketei eusteak lurralde eta gizarte diskriminazioa eragiten duela, bereziki egunero lanera joateko Laudio, Bilbo eta Gasteiz artean mugitu behar duten herritarren artean.
Kepa Alaña plataformako bozeramaileak Arabako Batzar Nagusian defendatu du bidesariak kentzea, eta erakundeei eskatu die langileen eta eskualdearen interesen alde egiteko: “Aiaraldean bizitzeak ezin du gainkostu bat izatea suposatu”, adierazi du.
Alañaren esanetan, eskualdean bizitzeak ezin du ekarri beste lurralde batzuetako herritarrek ez dituzten gastuei aurre egin behar izatea, bereziki, lanera egunero joan-etorriak egin behar dituztenentzat.
“Aiaraldean bizitzeak ezin du gainkostu bat izatea suposatu”
Kontzesioa amaitu arren, bidesariak mantentzeko asmoa
Plataformako bozeramaileak gogorarazi du AP-68aren kontzesioa 30 urtekoa zela eta 2011n amaitu behar zuela, baina José María Aznarren gobernuak beste 15 urtez luzatu zuen, alegia, 2026ra arte.
2020-2021 inguruan autobidearen titulartasuna foru-erakundeen esku geratu zen: “Arabako eta Bizkaiko ordezkariek hobari handiak ezarriko zituztela iragarri zuten, baina neurri horiek ez dira iritsi”, salatu du plataformako bozeramaileak.
Alañaren arabera, erakundeek AP-68a kosturik gabe jasoko dute, eta, hala ere, erabiltzaileek ordaintzen jarraitu beharko dute. Horregatik, kontraesankortzat jo du Aragoiko, Nafarroako eta Errioxako gobernuek autobidea doakoa izateko hartutako erabakiekin alderatuta Araban eta Bizkaian bidesariak mantentzea.
“Hamabost urtez zigortuak izan gara, eta zigortzen jarraitu nahi gaituzue”, salatu du bozeramaileak, ordainketei eusteko erabakiaren aurrean.
Halaber, Araban ehun kilometrotik gorako sei autobide motako errepideak zalantzan jarri dituzte, bertan bidesaririk ez dagoela nabarmenduz: “Zer gertatzen da, horiek ez dutela kutsatzen edo errepide horiek ez direla urratzen?”, galdetu du Kepa Alañak.
“Hamabost urtez zigortuak izan gara, eta zigortzen jarraitu nahi gaituzue”
Plataformak defendatzen du autobideak erabiltzea seguruagoa dela eta, baldintza egokietan, erregai-kontsumoa eta kutsadura murrizten lagun dezakeela. Era berean, bidesariak kentzeak langileen eguneroko bizitza erraztu, familia eta lana uztartzea hobetu eta Aiaraldeako enpresen lehiakortasuna indartuko dituela uste dute.
Taldearen iritziz, herritarrek ekarpena egiten diote dagoeneko kutxa publikoari erregaien zergen, BEZaren eta ibilgailuei lotutako gainerako tributuen bidez.
Bide beretik, azpiegitura hamarkadatan ordaindutako bidesariei esker amortizatuta dagoela defendatzen dute, eta, ondorioz, bertako mantentze-lanak finantzatzeko diru publikoaren erabilera berriro aztertu beharko litzatekeela uste dute.
Alderdi politikoei eta erakundeei neurriak hartzeko eskaera
AP-68 Dohainik plataformak EAJri, PSE-EEri eta EH Bilduri eskatu die bidesariak kentzeko neurriak har ditzatela, eta kritikatu egin du hiru alderdi horiek ordainketei eusteko adostutako jarrera.
Bide batez, urriaren 19an Baranbion herriatarrek trafikoa eten zuten Arabako Foru Aldundiak ezarritako ordainsariekin desadostasuna erakusteko eta doakotasuna exijitzeko.
Taldeak dagoeneko 9.000 sinadura inguru bildu ditu bere eskaeraren alde, eta herritarrei dei egin die ekimenarekin bat egin eta eskaera zabaltzeko.
Plataformaren eskaerak, beraz, kontzesioa amaitzean AP-68ko bidesariak behin betiko kentzeko aukera ematea eskatzen du, eta ez erabiltzaileei ordainketa-sistemari eusteko.
Horretarako, erakundeei eskatu die langileen, segurtasunaren eta lurralde-kohesioaren aldeko erabakiak har ditzatela. Plataformak adierazi du Arabako Mercedes, Michelin, Indesa, Vidrala eta Tubacex enpresetako langileen batzordeen babesa duela, baita Aiaraldeko sindikatu eta txirrindulari-talde batzuena ere.
Eskaera babesteko sakatu hemen.