Aiaraldea Komunikabideak Jon Iturregi idazle laudioarraren Oroiminaren hirietan aldaroka poema-liburua zozkatuko du. Iturregik 2025ean irabazi zuen Bilboko Udalaren Blas de Otero-Angela Figuera olerki saria, Oroiminaren hirietan aldaroka poema-sortari esker. Urriaren 21ean aurkeztu zuen Erein argitaletxeak argitaratutako lana.
Lauzpabost urteko sormen-prozesuaren emaitza da liburua. Bildumako poemak unibertsitate garaian hasi zen idazten, Euskal Herrian zein Ingalaterran ikasten ari zela, eta ondorengo urteetan osatu du lana, pandemiaren ostean eta iaz idatzitako poemekin.
Gaztaroko ametsak, helduaroko errealitatea, bakardadea, egonezina eta nostalgia dira liburuaren gai nagusietako batzuk. Idazlearen bizipen pertsonaletatik abiatuta, bere belaunaldiaren, Z belaunaldiaren, kontraesanak eta kezkak ere islatu ditu.
Zozketan parte hartzeko azken eguna azaroaren 19a izango da, 12:00etan.
