Jon Iturregik iaz irabazitako Blas de Otero-Angela Figuera poesia lehiaketaren XVIII. edizioaren fruitua jasotzen jarraitu zuen atzo, Oroiminaren hirietan aldaroka poesia liburua aurkeztuta.
Donostian egin zuen Inazio Mujika Erein argitaletxeko kidearekin eta hainbat hedabideren arreta erakarri zuen. Iturregik azalpen luzea eskaini zuen bere olerki sortari buruz, laupabost urtetan sortutako poemak baitira: batzuk unibertsitate garaian, Euskal Herrian zein Ingalaterran masterra egin bitartean, beste batzuk pandemia ostean eta azkenak iaz.
Hiri onirikoa
Olerkiak hainbat garaitan idatzi zituenez, nola josiko zituen pentsatu eta hiriaren kontzeptua otu zitzaion: "Ohartu nintzen irakurtzen nituen autoreen poema batzuetan hiria ez zela gure bizitza garatzen dugun tokia soilik, ez zen dekoratu soil bat".
Hainbat garaitan idatzi ditu poemak eta hiriaren eta nostalgiaren inguruan josi ditu gero.
Edonola ere, hiri horiek ez dira fisikoak: "Poeta hauen hirien zorupean, hiri ezkutu eta urperatu bat agertzen zitzaidan, hiri oniriko bat, subkontzientearen hiri bat, niretzat gutako bakoitzaren barne munduaren isla zena, zeinak gure amets, amesgaizto, gure handitasun, gure miseria eta kontraesan guztiak barneratzen zituen. Eta ideia horretatik abiatuta konturatu nintzen nire poemen zati handi batek lotura estua zutela horrekin".
Izenburuan oroimina ere agertzen da eta horren azalpena errazagoa da, egilearen iritziz: "Nostalgia. Badira haurtzarora eramaten gaituzten
poemak, badira iraganera garamatzaten kantuak, liburuak, oroitzapenak. Eta horiekin guztiekin eraikitako liburua da".
Bost ataletan banatuta
Iturregik erantsi du testua bost atalek osatzen dutela: Musei esandakoak, Goraintziak haurtzaroari, Oroiminaren hiriak, Alferrikako ihesa eta Itzulera.
Guztietan topatu ditu olerkariak zenbait ardatz: "Agertzen diren pertsonak, oro har, gazteak edo heldu-gazteak dira. Badago barne-gatazka: identitatearekin, balioekin eta munduan hartu beharreko tokiarekin eta aipatzen dira bizitzan mugarri izan daitezkeen gertaerak (lagun baten heriotza kasu)".
Ariketa pertsonaltzat jo badu ere, Iturregik uste du belaunaldi baten lekukotza ere badagoela liburuan.
Edonola ere, laudioarraren aburuz, liburuak badu pertsonaletik, "baina badu ere nire belaunalditik eta kolektibotik ere".
Erreferentziak
Baliatu dituen erreferenteei dagokienez, Iturregik oso erregistro anitzak aipatu ditu: "Agertzen dira gaur egungo musika taldeak, adibidez Fontaines DC, Tatxers, baita idazle gazteak (Lizar Begoña, Leire Vargas...) edota eguneroko modernoaren sinboloak mugikorrak, Amazonen banatzaileak, Spotify bezalako plataformak...".
Halaber, zailagoak diren beste batzuk ere kokatu ditu, "The Who taldearen letra bat edo Christopher Marlow idazlearen aipu bat".
Hizkuntza poetikoa, baina ez jasoegia
Egileak ohartarazi du erabili duen hizkuntza ez dela zaila: "Badu kalitate minimoko poesia liburu batek ezinbestean izan behar duen hizkuntza jasoa, eta hizkuntza poetikoa. Baina ez bereziki jasoegia, irakurleak ez dezala pentsa liburu honetan beste munduko handitasunik edo solemnitaterik topatuko duenik, gehiagotan topatuko ditu kaleko hizkuntza, garaiko esamoldeak eta hiriko edo eguneroko erreferentziak.
Gainera, poema guztiak bertso libreetan idatzita daude".