Arabako Foru Aldundiak AP-68 errepidearen kudeaketa nola egingo duen azaldu du gaur. Izan ere, esleipen pribatua izatetik erakunde publikoaren eskumena izatera igaroko da asteazkenean. Aldundiak %70eko beherapenak iragarri ditu prezioetan eta gaur argitu du nola gauzatuko duten hori.
Jon Nogales Mugikortasun Foru Diputatuak jakinarazi duenez, sistema berria pixkanaka ezarriko da, eta asteazkenean hasiko dute lehen fasea, zeina abenduaren 15ean amaituko den.
Lehenengo fasean, hegoalderanzko, Burgoserako/Errioxarako, Arabako tarte osoko 55,2 kilometroko joan-etorri guztiak tarifatuko dira; iparralderantz, berriz, Altube-Bizkaiko muga eta Arabako barne ibilbideak soilik tarifatuko dira behin-behinean.
Horrela, Bizkaitik edo Arabatik hegoalderantz joaten diren ibilgailuek tarifa osoa ordaindu beharko dute; Zaragozatik/Errioxatik Aretaraino joaten diren ibilgailuek, ordea, Altube-Bizkaiko mugara arteko tartea bakarrik ordaindu beharko dute behin-behinean. Aitzitik, Arabako barne ibilbide guztietan izango dira indarrean tarifak; hau da, Zambranako, Subillako, Ribabellosako eta Altubeko ordainlekuetan sartzen edo horietatik irteten diren ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute.
Hobariak Aiaraldean, Bizkaiko AP-68ko tarifa %20an ez baitute murriztuko
Prezio berriak ez ezik, Aldundiak azaldu du hobariak ere egongo direla. Argitu dutenez, Bizkaiko zatian soilik ezarriko dute, tarte horren tarifa murrizketa txikiagoa konpentsatzeko (autobideko Arabako tartean tarifa % 70 merkeagoa izango da turismoentzat; Bizkaiko tartean, berriz, % 20koa).
Hobarien programa eguneratzearen helburua da Bizkaiko tarteko benetako tarifa ere ohiko erabiltzaileentzat gaur egungoa baino % 70 merkeagoa izatea da.
Horretarako, programak Bizkaiko tarteko tarifa arruntaren gaineko hobaria emango die bidea erabili ohi duten arabarrei. Hobari hori Aiaraldean bizi direnentzat izango da onuragarria batez ere, "Bilborekin duten lan, ekonomia eta gizarte harreman bereziagatik".
Hori bai, ez da aldaketarik izango programaren onuradun izateko baldintzetan:
• Hilean gutxienez 15 bidaia egitea.
• Identifikatzeko eta ordaintzeko gailu telematiko bat (VIA-T edo antzekoa) izatea.
• Eta gainerako ohiko baldintzak: Araban bizitzea, zerga betebeharrak egunean izatea eta programan behar bezala erregistratuta egotea.