Duela bi aste iragarri zen biharko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak eskualdean izango duen zita garrantzitsuena, arratsaldean Laudion egingo den mobilizazioa, alegia. Orain, aldiz, goizeko plana zein izango den iragarri du SOS Aiaraldeak.
5:15etarako jarri dute hitzordua Laudio eta Amurrion. Herri ekimenak egingo dituzte bi udalerrietan. Ondoren, Luiaondora jotzeko deia zabaldu dute "Eskualdeko martxa" bezala izendatu duten egitasmoan parte hartzeko.
Horren ostean, hiriburuetako mobilizazioetara joango dira. Autoz batzeko deialdiak antolatu dituzte horretarako Laudio, Amurrio eta Urduñatik, Gasteizko manifestaziora joateko.
Mugimendu Sozialistak, egitarau propioa goizean
Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak, euren aldetik, egitarau propioa osatu dute goizerako. 7:40ean geratu dira Laudioko Lamuza plazan piketeak egiteko herriko hezkuntza zentroetan.
Ondoren, pikete informatiboak eta gosaria egingo dituzte, eta batu eta autoz antolatuko dira jarraian Laudio eta Amurriotik Bilboko mobilizazioetara joateko.
Grebaren antolakuntzan buru-belarri sartuta dauden eragile guztiek egingo dute bat arratsalderako deitutako eskualdeko mobilizazioan.
Gazte bloke bateratua arratsaldean
Dena dela, grebaren antolakuntzan buru-belarri sartuta dauden eskualdeko eragile guztiek egingo dute bat arratsaldeko seietako mobilizazioan.
Ordu laurden lehenago abiatuko da Gazte blokea Laudioko tren geltokitik. Deialdi hori sinatuta ez dagoen arren, eskualdeko gazte asanblada guztiek zabaldu dute, Ernai, GKS, Ikama eta IASekin batera.
Jarraipen berezia Aiaraldea Komunikabidetik
Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du biharko greba orokorrarekin eta, ondorioz, Faktoria itxita egongo da eta ildo guztien ekimenak geratuko dira bertan behera.
Salbuespen bakarra Aiaraldea Komunikabidearena izango da. Bertako kazetari taldeak lan boluntarioa egingo dugu egunean zehar grebaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko. Zuzeneko kontaketa eskainiko dugu Aiaraldea.eus atarian, eta argazki-kronikak eta bideoak ere plazaratuko ditugu.