Ertzaintzarekin bizitako hizkuntza zapalkuntza kasu bat Elebiden salatu du aiaraldear batek

Garazi Cuadra Alvarez

Luiandotik Laudiorako noranzkoan eman zen gertaera. / Aiaraldea.eus

Euskaldun batek Ertzaintzaren aurrean bizitako hizkuntza diskriminazio egoera baten berri eman du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren bidez. Salatu duenez, agente batek euskaraz hitz egiteari uko egin zion eta haren identifikazio zenbakia emateari ere eman zion ezezkoa. Greba Orokorraren egunean jazo zen gertaera, poliziak Luiaondon muntatutako kontrolean. 

Ertzaintzarekin bizitako hizkuntza zapalkuntza kasu baten berri eman du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Hizkuntzaren biziberritzearen aldeko eragileak azaldu duenez, egoera pairatu zuen herritarrak Elebiden jarri du salaketa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzuan.

Azaldu dutenez, azaroaren 11n jazo zen gertaera, 9:30ak aldera Ertzaintzaren kontrol batean, Luiandotik Laudiorako noranzkoan. Herritarrak kontatutakoaren arabera, autoan zihoala geldiarazi zuten, beste lau lagunekin batera. Ertzaintzak bi kontrol muntatu zituen goiz hartan Luiaondon, greba orokorraren testuinguruan. 

Kontrolaren hasieran, agente batek gaztelaniaz eskatu zion NANa. Herritarrak, ordea, euskaraz artatua izan nahi zuela adierazi zion. Horren aurrean, agenteak honako hau erantzun zion: “Yo te hablo en este idioma, y tú me contestas en el que quieras, y te he dicho que me des el DNI”.

Herritarrak bere hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu zion, baina agenteak ez zuela eskubiderik urratzen erantzun zion. Egoeraren aurrean, agente haren identifikazio zenbakia eskatu zuen herritarrak, baina honek zuen eman.

Une horretan, aurpegia estali gabe zuen eta euskaraz zekien beste agente bat hurbildu zen, eta herritarrak hari eman zion NANa. Ondoren, autotik ateratzeko agindu zioten, eta lehen miaketa egin zioten kanpoan.

Identifikazio zenbakia eskatu, baina erantzunik ez

Miaketaren ostean, operatiboko arduraduna gerturatu zen, aurpegia estali gabe zuen eta euskaraz egin zion herritarrari. Hark gertatutakoa azaldu zion, eta kexa aurkeztu nahi zuela adierazi zion, berriro ere aurretik izandako agentearen identifikazio zenbakia eskatuz.

Arduradunak, ordea, ez zion zenbakia eman. Herritarrak agentea identifikatzeko eskatu zion, baina ez zioten horretarako aukerarik eman. Herritarrak azaldu duenez, dozena bat ertzain inguruko operatiboan bi agente baino ez zeuden aurpegia estali gabe, eta haietako bat lehenago euskaraz artatu zuen agentea zen.

Gertakari horien ondoren, bigarren aldiz miatu zuten.

"Bigarren mailako herritar bezala tratatu ninduten, mespretxu osoz"

Herritarrak jarrera eta tratu txarra salatu ditu, eta gertatutakoa euskararen aurkako diskriminazio gisa bizi izan duela adierazi du: “Bigarren mailako herritar bezala tratatu ninduten, mespretxu osoz”. Era berean, egoera honek ondorio administratiboak ekar ditzakeela ohartarazi du: “Ez ninduke harrituko euskaldun gehiagori gertatu bezala, euskaraz artatua izatea eskatzeagatik, oinarririk gabeko isun administratiboren bat jartzeko saiakera egitea”.

Ertzaintzaren jokabidea “lotsagarritzat” jo du. Bereziki ulergaitza iruditzen zaio egoera hori gaur egun gertatzea, Ertzaintzan sartzeko adin mugak eta hezkuntza sistemako hizkuntza ereduek euskararen ezagutza zabaltzeko aukera eman duten testuinguruan.

Herritarraren ustez, onartezina da administrazio batek herritarren hizkuntza eskubideak horrela baztertzea. Izan ere, herritarrek euskaraz egiteko eta euskaraz artatuak izateko duten eskubidea errespetatua izan behar dela aldarrikatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide