Ez ditu garai xamurrak euskarak. Bidegurutze batean dago, ataka larrian. Oldarraldi euskarafobo betean. Baina badu etorkizunik eta hori ibilian eraikitzea besterik ez dago: hizkuntza eskubideak defendatuz, ezagutza zabalduz, erabilera hauspotuz… Jarraitu beharrekoa, ordea, ez da hutsetik abiatutako bidea. Horren adibide da azken hamar urteetan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak urratutako bidea. Eskualdean modu atomizatu eta disgregatuan lanean ziharduen euskalgintza bildu, sinergiak bilatu eta estrategia komunak garatzeko espazioa sortuz.
Sindikatuak, ikastetxeak, gazte elkarteak, kirol taldeak, kultur esparrukoak, euskara elkarteak, hedabideak… Funtsean, euskararen normalizazioan lan egiten duten edo lan egin nahi duten entitate eta norbanakoen baturak osatu du kontseilua.
10 urteko bidea
2015ean abiatutako sukalde lanak 2016an egin zuen jauzi plaza publikora. Urte hartan jaio zen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, bere baitan alor desberdinetako eskualdeko 42 entitate bilduz: sindikatuak, ikastetxeak, gazte elkarteak, kirol taldeak, kultur esparrukoak, euskara elkarteak, hedabideak… Funtsean, euskararen normalizazioan lan egiten duten edo lan egin nahi duten entitate eta norbanakoen baturak osatu du kontseilua.
Modu berean, Aiaraldeko instituzioekin elkarlan sare estua eratu da ere, horren adibide dira instituzio desberdinekin sinatutako elkarlan hitzarmenak edota euskara teknikarien mahaia. Oinarria jarrita, 2016an bertan Amurrion ospatutako Aiaraldeko Euskararen Egun Bateratuan, milaka lagunen aurrean, heldu zion kontseiluak eskualdea euskalduntzeko erronkari. Ordutik hamaika izan dira euskararen normalizazioan aurrera urratsak emateko garatutako proiektu eta egitasmoak. Besteak beste, Euskaraldiaren aitzindari izan zen Aiaraldea Ahobizi eta Belarriprest dinamika jarri zuten abian 2017an, ia 5.000 herritar 30 egunez euskaraz bizitzeko hautuan aktibatuz. Euskara bide, zubiak eraiki ditu ere eskualdean elkarbizi diren gainerako hizkuntzekin. Horren adibide dira azken urtean argitaratutako hiztegi desberdinak. Egindako lanak eskualdetik kanpo ere izan du oihartzuna eta berriki jaso du aitortza hori Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean.
Interpelazio eta salaketek ere bete dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren agenda azken hamarkadan. Euskararen aurkako bazterkeria, tratu txarra edo eskubideen urraketen aurrean hainbatetan atera da kalera kontseilua, Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin batera, besteak beste.
Eskualdea saretu eta gorpuztu du kontseiluak 10 urteko bidean. Aiaraldea osatzen duten bederatzi udalerriak lotu ditu eta herritarrak ahaldundu ditu. Baina oraindik bada zer egina. Giharra ateratzeko garaia du euskarak, indarrak biltzekoa. Orain arte bezala, horretan jarraituko du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak: “bide bat egin dugu eta bide bat dugu egiteko”.