Eskualdeko alkateek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babestu dute Amalur Fest

Aitor Aspuru Saez

Gaurko agerraldiak utzitako irudietako bat. / Amalurfest

Atzo aurkeztu zuten ekimena Reforren eta Aiaraldeko hainbat alkatek babestu zuten ekitaldia, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendariak eta Mariano Álava Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidearen presidenteak hitza hartu duten bitartean.

Asteartean iragarritako Amalur Festak erakunde publiko ugariren babesa jaso zuen atzo goizean Amurrioko Reforren egindako agerraldian. Eskualdeko hainbat alkaterekin batera (Jon Escuza, Joseba Vivanco, Txerra Molinuevo, Aitor Iza eta Iker Santocildes), Aiaraldea Kuadrillako presidenteak (Iñigo Pinedo), Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendariak eta Mariano Álava Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidearen presidenteak ere parte hartu zuten ekitaldian.

Inma Anda Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Zerbitzuko burua eta Ines Cibrian Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Zerbitzuko teknikaria ere bertaratu ziren. 

Amalur Fest tresna bat da Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea turismo egutegian sartzeko.

Guztien mezua izan da hau izango dela lehen edizioa baina gehiago antolatzea espero dutela eta Txakolinaren Ibilbidea egitasmora estuki lotuta dagoela. Izan ere, azken iniziatiba hori turisten egutegian finkatu nahi dute. 

Amurrio epizentroa

Eskualde ia osoa zeharkatuko badu ere, ekitaldiak Amurrion izango du geltoki nagusia. Parkean karpa handi bat jarriko dute eta Amalur Festen gune nagusia izango da. Bertan izango dira emanaldi garrantzitsuenak, bi gau nagusiak barne.

Zehazki, abenduaren 6an, igandean, Korrontzi taldeak joko du, Agus Barandiaranen proiektua. Hurrengo egunean, astelehenean, Neomak igoko da Amurrioko oholtzara. Trikitia, panderoa eta elektronika uztartzen dituen taldeak Lazturak orbain bere bigarren diskoa aurkeztu berri du.

Gainerako udalerriek (Laudio, Orozko, Aiara, Okondo eta Artziniega) Amalur Festen foodtruckaren bisita jasoko dute. Egunaren arabera, kalejira mitologikoak edota Aiara Dantza Taldearen emanaldia egongo dira. Gainera, ginkana mitologiko bat ere prestatuko dute Artziniegan. Urdunan, aldiz, dantzaren eta trikiti eta pandero musikaren eskutik helduko da jaia.

Amurrioko parkean izango dira Neomak eta Korrontziren kontzertuak, besteak beste. 

Txakolina ere protagonista izango da, Ibilbidearekin bat egiten duten upategiek antolatutako bost dastatze gidatuekin: Garate, Beldui, Txakoli Txikubin eta Artomaña. Eskualdeko hainbat gunetan egingo dira: Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan, Orozkoko Museoan, Otuetako Gizarte Etxean (Aiara), Okondoko Kultur Etxean eta Artziniegako udal pilotalekuan.

Leku kopurua mugatua da dastatze horietarako, eta aldez aurretik izena eman behar da
www.amalurfest.eus webgunean. 

Tradizioa eta garaikidetasuna

Euskal mitologian, Amalur Ama Lurra da, bizitzaren jatorria eta euskarria. Hortik abiatzen da jaialdia, azaldu dutenez. Tradizioaren kontakizunak, pertsonaiak eta ikurrak lurraldera sartzeko ate bihurtzen ditu: haren natura, ondarea eta txakolin kultura. Erdi Aroko estetikatik edo estetika folklorikotik urrun ere, eskaintza garaikidea ere egin nahi du Amalur Festek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide