Amurrioko Udala harremanetan jarri da Arabako Foru Aldundiarekin, Gaztela Leongo juntak Santiago mendian eraiki nahi duen begiratokiaren proiektua dela eta. Izan ere, behatokiaren zati bat muga zeharkatu eta Amurrioko espazio zati bat okupatuko du.
Red Natura 2000 sarearen parte
Josune Irabien alkateak azaldu du espazio hori gune babestuen Red Natura 2000 sarearen barruan dagoela, eta nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak baduela ingurumen arautegi propioa. “Zalaparta nahiko sortu da proiektua dela eta, oso azpiegitura itxurosoa planteatzen duelako”, adierazi du Irabienek.
Hori dela eta, gutun bat helaraziko dio Udalak Gaztela Leongo Juntari, proiektuaren nondik norakoen inguruko informazio zehatza eskatuaz. “Jasotzen dugun informazioa baloratu ostean erabakiko dugu nola jokatu”, azaldu du alkateak.