Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzua eskaintzeko proiektua garatzen ari da Amurrioko Udala. “Herritarren eta udalaren arteko harreman puntu nagusi bihurtzea” izango da zerbitzu horren xede nagusia, “informazioa lortzeko, dokumentuak aurkezteko edota udal kudeaketak egiteko”.
Orain arte herritarrak udaletxeko solairu batetik bestera aritu behar ziren, sail batera edo bestera joanez esku artean zuten gaiaren arabera. Zerbitzu horren bidez sarreran tramitatu ahalko dituzte eskaera guztiak. Antolakuntza gastuetan aurreztu eta “udalaren irudi positiboago bat” lortzea espero dute modu horretan.
Sail bakoitzak egiten dituen jarduerak aztertzen ari da orain udala, ekintza horietatik arreta zerbitzura zeintzuk bideratu ahalko liratekeen ebazteko. Zerbitzua urte amaierarako edo 2018aren hasierarako ezartzea aurreikusi dute.