13,6 milioi euroko udal aurrekontua onartu zuten iragan ostegunean Amurrioko Udal Osoko Bilkuran. EAJ, Amurrio Guk Bai eta PSE-EEk alde bozkatu zuten. Orain Amurrio, aldiz, aurka azaldu zen. Udal talde horrek adierazi zuen aurrekontuek jarraipena ematen dietela EAJ, PSOE eta PPren neurri atzerakoei eta ez direla modu parte hartzaile batean osatu.
EH Bildu, bere aldetik, abstenitu egin zen bozketan. 19 proposamen erantsi ditu koalizioak udal aurrekontuetan. PP ere abstenitu zen.
Josune Irabien adierazi du udal taldeen 25 emendakin hartu dituztela aintzat aurrekontuak egiterako orduan. Eginiko lana eskertu nahi izan die alkateak oposizioko talde guztiei.
Inbertsioak
Hainbat inbertsio aurreikusten dira onartutako aurrekontuetan. Obra eta Zerbitzuen Foru Planeko proiektuetan inbertitzea planteatzen da: Frontoi kaleko obretan eta Mendixur, Larrabe eta Berganzako saneamenduan.
Hortaz gain, 200.000 euro bideratuko dira AmurriokoEKIN egitasmora. Proiektu parte hartzaile horren bidez ebatziko da zertan erabili diru hori. Hortaz gain, beste 200.000 euroko partida bat erreserbatuko da, 2018an ere prozesu hori errepikatu ahal izateko.
Dirua bideratuko da baita ikastetxeetan obrak egitera. 65.000 euro erabiliko dira Zabaleko eta Lucas Rey ikastetxeetako azpiegiturak hobetzeko eta San Jose auzoan markesinak jartzeko. Tipi Tapa haur eskolan ere egingo dituzte obrak, hirugarren gela eraikitzeko. 10.000 euro baliatuko dituzte horretarako.
Inbertsioak egingo dituzte baita jaiei begira. 20.000 euro bideratuko dira koadrilen karrozentzako gurpildun oinarri berriak erostera.
Gazte Enplegu Plana abian jartzeko asmoa du baita udalak, 50.800 euro baliatuta. Amurrio Lagunkoia proiektua ere finantzatuko da.
Begibistan jaialdia mantenduko da
Diru-partida bat erreserbatua dago aurrekontuetan iaz berrabiarazitako Begibistan jaialdirako. Euskara ikasteko bekak ere ugarituko dira, eta bi beka berri emango dira: herriko auzoetako izen toponimikoak aztertzeko bata eta herriko emakume esanguratsuei buruzko ikerketa bat egiteko bestea.
Handitu da baita auzo asanbladen bidez kudeatuko den diru kopurua (65.000 euro); hiru auzo periferiko gehiagotan egingo direlako batzar horiek.
Josune Irabienek jakinarazi du posiblea dela urteak aurrera egin ahala inbertsio gehiago planteatzea.