“Ekopoligonoak” sortzera bidean pausoak eman ditu udalak

Txabi Alvarado Bañares 2017ko eka. 15a, 09:59
Industriaren eta naturaren arteko oreka lortzea da Amurrioko EKOiztu egitasmoaren xede nagusia. / Aiaraldea.eus

Enpresa-guneen kudeaketa publiko-pribatuaren inguruan hausnartu du Amurrioko Udalak. Amurrio EKOiztu ekimenaren baitan ari da udala pausoak ematen “ekologia industriala” sustatzeko.

“Ekologia industrialari” buruzko ikerketa bat egin du Amurrioko Udalak. Ekoizpen eredu hori sustatu eta ezartzeko herriko enpresekin egin daitekeen elkarlana aztertu dute. Ikerketak ondorioztatu du interesgarria izango litzatekeela herriko enpresari eta jabeen elkarte bat sortzea, “enpresa-guneen kudeaketan” lagundu dezan. Gune horiei begirako udal-plan bat garatzea ere aurreikusten du ikerketak, elkarlan “publiko-pribatua” sustatuaz.

“Ekopoligonoen” eredura hurbiltzeko pausoak ematea da udalaren asmoa. “Baliabideak modu eraginkorrean baliatuko dituen ekonomia baterantz jo nahi dugu, garatzen gabiltzan ingurugiro politikei jarraipena emateko”. Amurrio EKOiztu egitasmoa sortu zuen udalak horretarako, eta proiektu horren baitako beste pauso bat izan da orain aurkeztutako ikerketa.

Diagnostikoa plazaratu zuten iaz, herriko enpresek sortzen duten kutsadurari buruzkoa, eta esperientzia pilotua ere jarri zuten abian hondakinak batera kudeatzeko, Aldaiturriaga eta Maskuribai industrialdeetan.

“Kudeaketa eredu propioa”
“Amurrioko enpresa-guneetarako kudeaketa-eredu propioa garatu dugu”, adierazi du Josune Irabien alkateak, eta gaineratu du “enpresa-komunitatearen erakundetzea” bultzatzea dela “epe motzera” jarri duten helburua. “Gainera, hemendik legealdia bukatzen den arte, plan bat garatuko dugu industria-guneak modernizatzeko, finantzaketa publiko eta pribatua zehazteko eta udalak testuinguru berri horretan izango duen rola definitzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide