Podemosetik kanporatuak izan diren lau ahaldunek jakinarazi dute epaitegietara eramango dutela alderdiak eurekiko hartutako erabakia. “Alderdi Politikoen Legea urratu dela uste dugu”, azaldu du Dani Trujilladok. Ahaldun amurrioarraren arabera, ez zitzaien euren aurkako espedientea tramitatzeko bileraren eguna ez eta gai ordena jakinarazi, eta horregatik uste dute euren kanporaketa legearen aurkakoa dela. Lau ahaldunek adierazi dute uztailean jarriko dutela salaketa eta ziurtatu dute ahaldun izateari utziko diotela epaitegiak arrazoia ematen ez baldin badie.
Foru Aldundiaren aurrekontuen aurka bozkatu zuten lau ahaldunek abenduan, eta horregatik kanporatu dituzte Podemosetik. Trujillanok salatu du alderdiak aurrekontuetan abstenitzeko erabakia “Telegram bidez” hartu zuela, “zuzendaritza ez zen zirkuluekin bildu. Oinarriek aurrekontuen aurka bozkatzea eskatzen badute nik ezin dezaket aurkakoa egin”. Era berean, Aldundiak Podemosen taldeari emandako 250.000 euroak itzuli behar direla eta taldearen izena aldatu behar dela aldarrikatu du ahaldun amurrioarrak.