Prentsaurrekoa egin zuten Amurrioko EH Bilduko kideek atzo eta iragan uztailaren 27ko Udal Osoko Bilkura izan zuten hizpide. Mozioa aurkeztu zuen koalizioak udalbatza horretan, trenbidearen irisgarritasunari buruzkoa.
Hainbat gauza planteatzen zituzten bertan. Alde batetik, ADIFi hainbat gauza eskatzea, Amurrioko geltokian egingo dituen obren harira: irisgarritasuna bermatzea, Amurrio Ferrocarril y Equipos fabrikako langileentzako oinezko pasabidea egitea, erreta dauden eraikinak birgaiztu edo eraistea, geltokiko pasabidea baliatzea Landako-Maskuribai auzoen eta Dionisio Aldama kalearen arteko lotura egiteko, komun publikoak jartzea eta “paisaia kalitatea” ematea herriaren sarbideari.
Beste aldetik, Batzar Administratiboetan dauden geraleku eta pasabideetako lanak 6 hilabeteko epean egitea edota trenbidearen gaineko eskumenak EAEko gobernuari transferitzea ere eskatzen zuen mozioak.
HAPOaren aldeko botoa ezbaian
Baina EAJ eta PPk aurka bozkatu zuten bilkuran eta, ondorioz, bertan behera geratu zen EH Bilduren ekimena.
Koalizioak salatu du ez dutela ulertzen EAJk aurka bozkatzearen arrazoia. “Ez zuten bereziko arrazoirik eman, pentsatzen dugu mozioa guk aurkeztu genuelako egin dutela aurka”, adierazi dute, eta gaineratu dute “zaila” izango dela koalizioaren udal-taldearentzat aldeko botoa ematea Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO), “ez bada konpontzen Landako auzoaren, geltokiaren eta Dionosio Aldama kalearen arteko irisgarritasun, mugikortasun, iragazkortasun eta segurtasun arazoa”.