Amurrioko koadrilak, jaiei ekiteko prest

Txabi Alvarado Bañares 2017ko abu. 10a, 08:37
Txabolakoak koadrila sortu berriaz gain, bost jai-talde daude Amurrion.

Amurrioko koadrila bakoitzeko kide bana elkarrizketatu dugu, jaiei begira dituzten asmoen berri izateko. Txabolakoak koadrila sortu berriari aparteko elkarrizketa bat egin diogu, hemen ikusi daitekeena.

ARKAITZ GARCIA MORENO EL BOLI

Zer asmo dituzue zuen El Boliko kideek aurtengo jaiei begira?
Gure Koadrilaren partetik aurtengo jaiei begira, urtero lez, ondo pasatzeko asmoa daukagu. Gainera, zerbait berezia prestatzen saiatuko gara gure 30. urteurrena dela eta. Aurten izugarrizko indarrekin hartuko ditugu jaiak, hainbat kide berri sartu baitira koadrilan, parte hartzeko gogoekin..

Zer nolako karroza egingo duzue aurten?
Egia esanda, oraindik ez dugu zehaztu zer nolako karroza egingo dugun, bizpahiru ideia ditugu buruan. Kontuan izanda aurreko urtean izandako arazoak, aurtengo karroza motibazio handiarekin garatuko dugu, eta ziur gaude egingo dugun edozein karroza txundigarria izango dela.  

 

ANA PEREZ ASTORGA TROT ART

Zer asmo dituzue Trot-Art koadrilako kideek aurtengo jaiei begira?
Urtero lez, irrikan gaude. Amurrioko jaietarako gutxi geratzen da jada eta txupinazo eguna gogo handiz hartuko dugu. Urte osoa daramagu jaien antolakuntzarekin eta, hemendik gutxira, karroza eraikitzen hasiko gara.

Azken urteetan behin eta berriz aldarrikatu dugu gure koadrilan dagoen parte-hartze eskasa. Gero eta partaide gutxiago gara eta egoera honek asko tristatzen gaitu. Egoera txarrera ez egiteko eta koadrilaren bizitza oraindik luzea izan dadin aurten, berriro ere, partaide gehiagoren bila gatoz. Hauxe gure leloa: Izan ezberdin!

Zer nolako karroza egingo duzue aurten?
Aurten gure karroza haurrei eskainiko diegu. Trot-Art haurtzarora bueltatuko da eta haurtzaroko oroitzapenekin girotuko dugu gure aurtengo karroza. Horixe da kontatu dezakegun guztia... Trot-Art koadrilan ama, aita eta haur asko ditugu eta, beraz,  karrozen kalejiran gurekin parte hartzera animatu nahi ditugu. Musika, dantza eta ondo pasatzea ziurtatuta dago.

 

LOREA PEREZ ROIS HERRIARENAK

Zer asmo dituzue Herriarenak koadrilaren partetik aurtengo jaiei begira?
Jaietako esparru gehienetan gure parte hartzea bermatzeko apustua egingo dugu. Horretarako, barne egitaraua prestatuko dugu koadrila izaera bermatze aldera.

Gainera, urtero bezala, ohikoak diren hainbat ekintza prestatzen gabiltza (txapela jaurtiketa, mus txapelketa, basati kirolak...) jai herrikoien egitarauan gure aletxoa jarriz. Herritik eta herriarentzat sortutako egitarauan gure indarrak jartzea beharrezkoa dela deritzogu.

Zer nolako karroza egingo duzue aurten?
Oraindik ideiak tanteatzen gabiltza eta ez dugu ezer erabaki. Dena den, gure "filosofia errebeldearekin" jarraitzeko asmoa dugu beste behin ere. Leloak dioen moduan: "Jaiak bai, borroka ere bai!".

 

PAULA BARCELO BALADO EUSKOTARRAK

Zer asmo dituzue Euskotarraken partetik aurtengo jaiei begira?
Aurtengo jaietan gure asmoa eta guretzako gehien balio duen gauza ondo pasatzea da, jaietako giroaz gozatzea eta gauza guztiez disfrutatzea.

Izugarrizko indarrarekin hartuko ditugu jaiak! Gogo asko ditugu!

Zer nolako karroza egingo duzue aurten?
Karroza gisa oraindik ez dakigu zehazki zer egingo dugun, ideia solte batzuk ditugu, baina oraindik ez dakigu. Seguru dakiguna eta aurreratu ahal duguna jendeari asko gustatuko zaiola eta dibertigarria izango dela da.

 

MIRIAM SALAZAR SUAREZ DANTZA LAGUNAK

Zer asmo dituzue Dantza Lagunek koadrilako kideek aurtengo jaiei begira?
Aurten, urtero bezala, jaiez gozatzea da gure asmoa. Dantza Lagunak parrandazaleak izateagatik ezagunak gara, eta aurten ez da desberdina izango. Gainera, jende berria etorri da koadrilara eta horrek lan egiteko eta aurrera jarraitzeko gogoak ematen dizkigu.

Zer nolako karroza egingo duzue aurten?
Momentuz esan ahal dudana freskagarria izango dela da. Koadrila bakoitza ezaguna da mota edo gai bateko karrozak egiteagatik, eta guk, nola ez, beti alaiak eta jai giroko karrozak egiten ditugu. Aurtengoa ere horrelakoa izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide