Emagin elkartetik eraso sexisten kontrako eremua jarri duzue. Zertan datza?
Amurrion egon garen lehen aldia da. Aurrez beste posturen bat jarri izan dute entzun dugunez; baina ez gurekin. Udalek eskatuta etortzen gara herrietara prebentzioa lantzera. Eraso sexisten kontrako postuan hainbat gauza ditugu: boteretzearekin lotutako txapak egiteko aukera hainbat irudirekin, autodefentsaren inguruko informazioa, aldarrikapendun pegatinak... Emakumeok indarra hartzea da helburua, feminismoa sustatzea.
Erasoak identifikatzeko materiala ere baduzue.
Bai, baita erasoei aurre egitekoa ere. Bereziki emakumeei zuzendutako mezuak dira, nahiz eta gizonezkoentzat ere badauden. Batzuk zein besteek askotan ez dakite nola aurre egin egoera konkretuei. Kontzientziazioa lantzeko gunea da gurea. Festetan presentzia izateko modua ere bada, salaketak egiteko edo hitz egiteko espazio segurua.
Iruditegi feministaz mintzo zarete...
Bai, txapa eta pegatina bidez iruditegi feminista zabaldu nahi dugu, ahalduntzeari lotutako mezuak hedatu. Helburua hori da argi eta garbi: erasoen inguruan hitz egitea, eta horri buruz aritzeko aukerak eta espazioak aprobetxatzea.
"Iruditegi feminista zabaldu nahi dugu, ahalduntzeari lotutako mezuak hedatu. Helburua hori da argi eta garbi: erasoen inguruan hitz egitea"
Helburu nagusia jaiak aske gozatzeko aukera denok izatea da. Horri begira prebentzioa da lan handienetako bat, erasoen identifikazioa jendarteratzeko.
Jaietan eraso eta jarrera matxista ugari egoten dira. Adibidez?
Komentario lizunak, lekuz kanpo daudenak, gorputzaren gaineko etengabeko komentarioak, "utziko didazu pasatzen?" galdetuta gorputza ikutzea... Emakume izateagatik gutxiesten gaituen edozein jarrera da eraso matxista; objektu gisa tratatzen gaituztelako, gure gaitasunak zalantzan jartzen dituztelako, rol edo erantzukizun batzuetan jarrarazten gaituztelako... Baboseoa, egin nahi ez duguna gauzatzeko presioa, sexua izateko insistentziak...
Intentsitate maila altuagoko erasoak ere badira: mehatxuak, irainak, oldartzea, harrotzea, garraxika hitz egitea era zapaltzaile batean... Espazioaren erabilera ere hor dago.
Espazioaren erabileran ere antzeman liteke matxismoa, beraz.
Gure espazioak txikitu egiten dira, eta gizonezkoenak handitu. Jaietako oholtzak begiratzea baino ez dago, edo tabernan nork eta zein jarrerarekin okupatzen duen tokia (bultzadak, soinuak... askotan areagotzen dira gizonezkoek espazioa erabiltzeko jarrera gisa).
Askotan emakumeen espazioak ez dira errespetatzen, eta alde egin behar izaten dute eroso eta errespetatuak sentituko diren leku bila. Emakumeoi hainbatek ume izaera ematen digute, erabakitzen jakingo ez bagenu bezala.
Espazioa erabiltzeko moduen artean dago kalea bera ere: zaintzarako onartua dago, baina parrandatik etxeratzeko ez; "beldurrez" joan behar gara, beldurraren mekanismoa baliatzen dute kaletik ez joateko lasaitasun eta askatasun horrekin. Gainera, gazteen artean kontrola ari da nagusitzen.
"Emakumeei dagokienez, kalea zaintzarako onartua dago, baina parrandatik etxeratzeko ez; `beldurrez` joan behar gara, beldurraren mekanismoa baliatzen dute kaletik ez joateko lasaitasun eta askatasun horrekin. Gainera, gazteen artean kontrola ari da nagusitzen"
Teknologia berriak direla kausa, gazteen arteko kontrol soziala duzue kezka. Zer dela eta?
Whatsapp bidez sekulako indarkeria kasuak ematen dira: etengabeko kontrola, noiz konektatu den azken aldiz begiratzea, norekin zauden galdetzea, baboseoa, instagramen etengabe "guapa" jartzea... Izebergaren puntan kolpeak, bortxaketak edota erailketak leudeke.
Zer egin liteke egoera horiei aurre egiteko?
Autodefentsa. Ahaldunduta eta erabakiak hartzeko gai sentitzea, alaitasunez eta gozamenez bizitzea festak eta egunerokotasuna...
Bizi ikuskera edo jarrera modura ikusi behar da autodefentsa. Batzuetan modu indibidualean balia liteke, eta besteetan kolektiboan. Gure integritatea babesteko jarrera da autodefentsa feminista.
Autodefentsa beti lotu izan da erantzunarekin baina hortik haratago doa, gama zabala du: ironiaz edo umorez erantzutea, lasaitasunetik -edo haserretik, kasuan kasu- azaltzea nola sentitu garen... Familian mutilarekin zergatik ez gatozen galdetzean aurrez erraminta batzuk landuak izatean datza, gutxiago ez sentitzeko eta gure baloreak babesteko.
Herritarren aldetik nolako erantzuna ari zarete jasotzen?
Etengabe hurbiltzen da jendea gunera. Eragina ere nabari da: aurrean egun hauetan pin matxistak zituen postu bat zegoen eta amurrioarrak konturatu egin dira. Oso jarrera aktiboa ikusi dugu.
Bilgune Feminista bezala, zein da zabaldu nahi duzuen mezua?
Aurten guretzat urte berezia da, 15. urtemugan murgilduta gaude. Antolakuntzaren beharra ikusten dugu, feminismoa bogan dago. Gu geu boteretu behar gara, eta taldean feminismoaz hausnartu eta indartu. Oso garrantzitsua da feminismoari ekitea. Zentzu horretan, jaien alorrean, oso garbia da gure mezua: gozatu nahi dugu, gozamena baita gure armarik zorrotzena.