Josean Bengoetxea aktore donostiarrak jasoko du Amurrioko Begibistan jaialdiaren Ohorezko Txapela. Urriaren 4tik 8ra luzatuko da filma laburren astearen VII. edizioa, eta 7an egingo den galan egingo zaio omenaldia Bengoetxeari. “Euskal filma labur askotan hartu du parte eta zinema, antzerki eta telebista antzezle nabarmena da”, adierazi du Kepa Sojo jaialdiko zuzendariak. Arratsaldeko zortzietan hasiko da gala, eta Iñigo Salinero “Txaflas” eta Susana Soleto aktoreek gidatuko dute.
Ikusi hemen jaialdiari buruzko informazio guztia biltzen duen erreportajea.
Hezkuntza zentroekin elkarlana
27 filma labur ikusi ahal izango dira Begibistanen aurtengo edizioan. Lau emanaldi antolatu dituzte horretarako. Urriaren 4an izango da lehena, 5an bigarrena eta 6an azken biak. Amurrio antzokian egingo dira proiekzio guztiak.
Antolatzaileek azaldu dute elkarlanean arituko direla Amurrioko Hezkuntza Zentroekin. Bi emanaldi egingo dituzte, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat espresuki prestatutakoak. Urriaren 5ean izango da bata -11:00etan- eta 6an bestea -12:00etan-.
Begibistan gazteentzat “erreferentea” izatea nahi dute “Euskal Herriko sortze-prozesuen nahiz ikus-entzunezko kulturaren garrantzia azpimarratzeko”, Josune Irabien alkateak adierazi duenez.