Herrira turistak ekartzeko ekimen berria plazaratu du Amurrioko Udalak Amurrio Bidean sozietate publikoaren bidez, eta Arabako Foru Aldundiak emandako diru-laguntza baliatuta. “Train and visit” da egitasmoaren izena eta trenez datozen turistei bideratua dago. Finean, paseo turistikoak egingo dira eurentzako, herriko “toki interesgarriak” bisita ditzaten. Urduña-Bilbo tren-linea eta Nerbioiko Parke Lineala baliatuko dituzte horretarako. Udaletik jakinarazi dutenez, Santa Maria elizara egingo dira irteera horietako batzuk, “aprobetxatuz tenpluaren kanpandorrea zaharberritu dela eta Turismo Bulegoak finantzatu duela”.
Hala ere, proiektuaren bideragarritasuna aztertu behar dute oraindik. “Proba pilotu bat” egingo da horretarako asteburuetan eta zubietan, “udalerria bisitatzen dutenei hainbat esperientzia eskaintzeko”.
Ikastaro espezializatua
Baina hori ez da izango Amurrio Bideanek turismoa sustatzeko egingo duen ekintza bakarra. Ikastaro espezializatu bat eskainiko du baita, turismoaren sektorean diharduten herriko merkatarientzat: “Online marketinga turismo-sektorerako”. “Bertaratzen direnek euren negozioak duen egoeraren autodiagnostikoa egingo dute, online tresna berriak txertatu ahal izateko eta, horrela, negozioa garatu ahal izateko”. Refor industriagunean eskainiko da tailer hori eta irekita dago jada izena emateko epea.