Bere jabegoko 37 eraikin ikuskatuko ditu Amurrioko Udalak, amiantorik duten jakiteko. Enpresa baten bidez egingo du tokiko erakundeak ikerketa, 10.073,25 euroko aurrekontua baliatuta.
Iaz onartu zen Udal Osoko Bilkurak amiantoaren inbentarioa egitea eskatzen zuen mozioa. Eskaera betetzeko egingo dute azterketa, udaletik jakinarazi dutenez. “Ebaluatuko diren eraikinen artean daude eraikuntza-urtea edo eraikuntza-ezaugarriak direla eta amiantoa eduki dezaketenak”, adierazi dute udaletik, “azterketa horretatik kanpo geratuko dira, hortaz, eraiki berriak”.
Amiantoa duten eraikinak identifikatu ostean, espazio horiei begirako moldaketak proposatuko dituzte, kasuan kasu behar diren segurtasun neurriak hartu daitezen.