Diru-laguntza batzuk eskatu dizkio Amurrioko Udalak Arabako Foru Aldundiari, herrian hiru-enplegu programa garatzeko. Tokiko erakundearen helburua da programa horiek aurrera ateratzeko lau pertsona kontratatzea, sei hilabeteko lanaldirako. 100.000 euroko aurrekontua baliatuko lukete horretarako, eta aldundiak % 100 finantzatuko luke.
Lehen programaren helburua izango da udalerriko adinekoei buruzko diagnostiko bat gauzatzea. Ikerketa hori egiteko tituludun pertsona bat kontratatu nahi du udalak. Bigarren egitasmoaren xedea, aldiz, udal eraikinetako ondarearen inbentarioa egitea da. Langabezian dagoen arkitekto edo ingeniari tekniko bat kontratatuko dute horretarako. Reforreko txakolindegi zaharraren espazioa izango du ardatz hirugarren proiektuak; ingurua moldatu eta egokitzeko bi langile kontratatu nahi dituzte.