Konstituzioaren Eguna jai-egun gisa inposatzea salatu du Iñauxako LABek

Erredakzioa 2017ko urr. 27a, 08:37

Iñauxaren Amurrioko lantegia, artxibo irudi batean.

Abenduaren 6a lan-eguna izan da “historikoki” lantegian, sindikatutik azaldu dutenez.

Iñauxa lantegiko LABen ordezkariek oharra plazaratu dute 2018rako lan-egutegia dela eta. Sindikatutik adierazi dutenez, enpresaren zuzendaritzak ELA eta UGTrekin adostu du egutegi hori.

Akordatutakoaren arabera, Konstituzioaren Egunean jaia izango dute lantegiko beharginek aurrerantzean. Urte asko daramatzate fabrikan abenduaren 6a lan-egun normal gisa kontsideratzen, LABeko kideek adierazi dutenez. “Ez gara Konstituzioaren Egunarekin identifikatuta sentitzen, frankismotik oinordekotzan hartu dugun eguna baita”. Horregatik, sindikatutik gaitzetsi dute “lorpen erreferentzial hori” albo batera uztea.

Urriaren 12a ere lan-eguna izatea proposatu zuen LABen egutegia dela eta eginiko bileran, “jakin arren zuzendaritzak eta gainontzeko sindikatuek aurka egingo zutela”. Sindikatuaren asmoa ez zen egun horretan behargin guztiek derrigorrez lan egin behar izatea, nahi zuenak horretarako aukera izatea baino ez.

“Atzerapausoa eta akats larria”
Sindikatutik adierazi dute ulertu dezaketela UGT bezalako “sindikatu espainiar batek” abenduaren 6a  jai-egun gisa mantendu nahi izatea, baina gaineratu dute ez dutela babesten ELA ere horren aldekoa izatea, “egutegi global propio baten aldeko jarrera duelako eta urriaren 12an eta abenduaren 6an bere egoitzak ireki egiten dituelako”.

Horregatik guztiagatik, egutegi proposamenaren aurka bozkatuko du LABek, “atzerapausoa eta akats larria” iruditzen zaiolako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide