Saratxoko sahiesbideari buruzko batzordea egin dute Arabako Batzar Nagusietan

Erredakzioa 2017ko aza. 9a, 00:05

Arabako batzar Nagusietan landu dute gaia. / aiaraldea.eus

Urduña eta Amurrioko alkateak eta Arrastariako ordezkariak bertaratu dira bilerara, besteak beste.

Saratxoko saihesbidearen proiektua izan zuten hizpide atzo Arabako Batzar Nagusietan, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren V. Batzordean. Aiaraldeko hainbat ordezkari politikok hartu zuten parte bertan: Idoia Aginako Urduñako alkateak, Josune Irabien Amurrioko alkateak eta  Delikako, Tertangako, Artomañako, Aloriako, Lekamañako eta Saratxo Batzar Administratiboetako presidenteek.

Ordezkariak banan-banan igaro ziren bilkura-gelatik, saihesbidearen proiektuaren inguruan zuten iritzia plazaratu eta ahaldunen galderei erantzuteko. Idoia Aginako izan zen lehena hitza hartzen. Errepide horretan egondako “istripu andana” aipatu zuen, bide horrek Urduñaren komunikaziorako duen garrantzia azpimarratuaz. Horregatik, proiektua ahal bezain laster lizitatu eta gauzatzea eskatu zuen, “oraingo lege-agintaldia amaitu baino lehen”.

Delikako, Tertangako, Artomañako eta Aloriako ordezkariek ere nabarmendu zuten errepidean egondako “istripu kopuru altua”.

Josune Irabienek, bere aldetik, saihesbidearen “gaur egungo proiektuarekin” ados ez dagoela adierazi zuen. “Saihesbidearen aurkako mobilizazioetara joan naiz batzuetan, eta gaur egun ere joango nintzateke, badituelako gustuko ez ditudan zenbait kontu”, azaldu zuen Amurrioko alkateak. Errontondarena da aldatu beharreko elementuetako bat, Irabienen aburuz.  

“Hormigoia lurraren gainetik”
Lekamaña eta Saratxoko ordezkariak izan ziren hitza hartzen azkenak. Tonu gogorra erabili zuten bi herrietako kideek. Obraren berri jaso ez izana salatu zuten Lekamañako bizilagunek, “Saratxoko batzar administratiboko kideen eskutik jaso dugu lehenbiziko informazioa”. Hortaz gain, planteatutako obra “makro-proiektua” iruditzen zaiela adierazi zuten.

Saratxoko ordezkariek “polizia onaren eta txarraren” papera egitea leporatu zioten Aldundiari. “Herriko pertsona nagusiak presionatu dituzte desjabetzeen paperak senideekin kontsultatzeko astirik eman gabe sinatzeko”.

Proiektuari dagokionez, saratxoarrek adierazi zuten ez dakitela Aldundiak alternatibarik aztertu duen: “ez digute inoiz balizko beste aukeren dokumentazioa aurkeztu”. Proiektuak herriko bizimoduan izango duen eragina nabarmendu zuten baita: “abeltzain batzuek euren bizimodua utzi beharko dute, ez dutelako lan egiteko tokirik izango”. Horregatik, “hormigoia lurraren gainetik” jarri izana tamaldu zuten saratxoarrek.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide